Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Zerrendetatik kanpo utzi du EH Bilduren lehendakarigaia, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak

Eneko Azkarate 2016ko abu. 29a, 17:27

Arnaldo Otegi joan zen zapatuko ekitaldian, EH Bilduko zerrendetako kideei zuentzen.

EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegi hauteskundeetatik kanpo utzi du Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak. Gaur aldarrikatu ditu behin betiko hauteskunde-zerrendak, Otegiren izena zerrendatik kanpo utziz. Honenbestez, hasieran zerrendako bigarrena zen Maddalen Iriarte dago une honetan EH Bilduren zerrendaren lehen postuan Gipuzkoatik.

Auzitegi Nazionalaren iritzia eta PPk eta Ciudadanosek Arnaldo Otegiren hautagaitzaren kontra aurkeztutako alegazioak aintzat hartu ditu Hauteskunde Batzordeak eta ez, ordea, Iñigo Iruin EH Bilduren defentsako abokatuak auzi honetan, egubakoitzean aurkeztu zuen helegitea Otegi hautagai izan zedin. Iruinen arabera, martxoan -Otegik kartzela zigorra osorik bete zuenean- "amaitu zen sufragio pasiborako inhabilitazioa".

Hauteskunde Batzordearen ustetan, Otegik 2021. urtera arte hauteskundeetan hautatua izateko debekua ezarria du Bateragune auzia dela eta.

Orain, eguenerako, irailaren 1erako, Donostiako epaitegietara iritsiko litzateke auzia, eta zapaturako, irailaren 3rako, erabaki beharko luke epaileak.

Behin bide hori ere agortuta, Otegiren hautagaitzaren inguruko azken erabakia Auzitegi Konstituzionalak hartu beharko luke. Irailaren 5era arte dago bertara babes bila jotzeko epea, eta irailaren 9rako, hauteskunde-kanpaina hasten den unerako, jakin beharko da Otegi Legebiltzarrerako zerrendetan egongo den ala ez.

15.000 sinaduratik gora Otegik parte hartzearen alde

Bestalde, hainbat pertsona ezagunek bultzatutako kanpainak Arnaldo Otegik aukera izan dezan hauteskundeetan aukeratua izateko, 15.000 sinadura lortu ditu dagoeneko. Joan zen barikuan aurkeztu zuten manifestua Otegiren alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak