Maila gorenean, igo berri den Mondra, Hirugarren Mailatik datorren UDA eta Aloña Mendi izango dira gure ordezkariak.
Hiru horiek iraileko bigarren asteburuan hasiko dute liga. Mondrak, hasteko, Elgoibarren jokatuko du lehen partidua; igo berri baten helburua maila mantentzea izaten den arren, Josu Zubiak goiko postuetan egoteko moduan indartu du taldea.
Aretxabaletak, bestalde, Lesakan jokatuko du lehen partidua Beti Gazteren aurka eta Aloña Mendi izango da etxean estreinatuko den gure talde bakarra, Irungo Real Unionen aurka.
Lehen derbia hirugarren jardunaldian jokatuko dute Aloña Mendik eta Mondrak eta laugarren jardunaldian aretxabaletarrek oñatiarrak hartuko dituzte. 13. jardunaldian jokatuko da Mondraren eta UDAren artekoa.
Maila bat beherago, Erregional Preferente mailan dago Bergara eta maila berean jokatuko du Arrasateko eta Aretxabaletako bigarren taldeek ere. Horiek iraileko hirugarren asteburuan hasiko dute denboraldia.