Gaur aurkeztu dute futbol partidu berezia, urriaren 2ko egun handia girotzeko beste ekitaldi garrantzitsu bat moduan. Kilometroak 2016 lantaldearen nahia izan da hasieratik herriko eragileekin elkarlanean antolatzea jaia eta abuztuaren 10eko partidu berezia testuinguru horretan kokatu beharra dago. Aurkezpenean antolatzaileekin batera egon dira Realeko eta Eibarko, Bergarako Udaleko eta Bergarako Kirol Elkarteko ordezkariak.
Bi taldeak, "puntu-puntuan"
Lagunarteko partidua izango den arren, maila altuko partidua izango dela aurreikusi daiteke, denboraldiaren hasiera ofiziala ate-joka izango dute-eta bi taldeek. "Liga txapelketa abuztuaren 20an hasiko denez eta gurera hamar egun lehenago etorrita, sasoi onenean etorriko dira. Puntu-puntuan izango ditugu; beraz, demaseko derbia eskainiko dutela ziur", esan du Ostolazak.
Reala eta Eibar, euskararen alde
Bi futbol taldeetako ordezkariak gustura asko etorriko dira Bergarara Kilometroen alde jokatzera. Realeko kontseilari Juanjo Arrietak denboraldiko lehen derbia Bergaran jokatuko dela jarri du balioan eta Eibar taldeko presidenteorde Mikel Larrañaga, ordea, harago doa, euskararen alde futbolak asko eman dezakeela uste duelako: "Ez da Eibarren kontua bakarrik. Realak eta Eibarrek ulertzen dugu futbola berdegunetik eta bulegoetatik urrunago doala. Gure asmoa da euskal gizartearen sustraietan oinarritzea, presentzia izatea futboletik aparte. Euskal Herrian dugun altxor nagusia euskara izanik, euskararen munduan dauden ekintza guztietan hor izango gaituzue. Bereziki kasu honetan zuen agindutara jartzen gara, laguntzeko amorratzen gaude. Partidu horretan, Realak edo Eibarrek irabazi, euskarak eta Ikastolak irabaz dezala".
Bergarako Udalaren laguntza
Aldi berean, Bergarako Udalak ez du izan zalantzarik partidua babesteko. Derbiak Bergarara jende asko erakarriko duela espero dute. "Halako laguntzetan parte hartzea plazerra da guretzat. Bergarako Udalak beti babestuko ditu horrelako ekimenak. Goi mailako jokalariak herrian bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izango dugu. Ikuskizun handia espero dugu eta ea jende asko erakartzea lortzen den", adierazi du Bergarako alkateorde Ander Alberdik.
Eta amaitzeko, Bergarako Kirol Elkarteak ere bat egin du ekimenarekin, ahal duen heinean laguntzen. "Bi taldeak hona ekartzea garrantzitsua da; euskararen aldeko gure ekarpena, kasu honetan, zelaia lagatzea izango da".
Sarrerak salgai
Partidurako sarrerak salgai daude dagoeneko. Bergaran Kilometroak dendan eta Depor eta Pol-Pol tabernetan, Eibarren Kultu tabernan, Arrasaten Monte tabernan eta Oñatin Aloña Mendi tabernan. Sarrera orokorra 15 euro ordaindu beharko da eta 12 urtetik beherakoek zortzi euro ordaindu beharko dute. Nolanahi ere, partiduaren egunean bertan erosi ahalko dira sarrerak Agorrosingo lehiatilan.