Mikel Galdos: "Presio eza lagun izan dut Espainiako txapelketa irabazteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abu. 1a, 19:37
Mikel Galdos aretxabaletarra Seve Ballesterosen estatuan, Espainiako txapeldunaren garaikurrarekin.

"Lehiatzera beti, baina hamar urtetan jokatuta eta sekula irabazi gabe, postu on bat egiteko esperantzarekin joan nintzen. Ez nuen irabaztea espero". Hitz horiekin azaldu du Mikel Galdos golf jokalari aretxabaletarrak bere ibilbideko lorpen handiena, asteburuan zehar PGAk antolatutako Espainiako txapelketa irabaztea.

Golf jokalari aretxabaletarra ez zen faborito moduan joan Santa Marinako (Kantabria) golf klubean asteburuan jokatu den Espainiako txapelketara: "Presio ezan lagun izan dudala esango nuke". Urtean Espainia mailako bi txapelketa antolatzen dira: federazioak antolatzen duena eta PGArena (Golf jokalari profesionalen elkartea). Azken hori irabazi du Galdosek. Hiru egunetako txapelketa izan dira, 18 zulo egunean. Hasieratik jarri zen buruan: "Lehen egunetik lau behera egin nuen eta lehenengo postuan sailkatu nintzen. Ez nintzen hortik jaitsi txapelketa bukatu arte".

Amari eskainia

Espainiako txapeldun izateaz gain, bitxikeria polita ere eman zen txapelketan zehar: "Txapelketako azken eguna amaren eguna zen eta goizean zoriondu nuen. Eskatu zidan txapelketa bera oparitzeko eta bere nahia betetzea lortu nuen. Saria eman zidatenean esan nuen eta badirudi jendeari gustatu zaiola".

Hamar urte profesionaletan

Atzera eginda, gogora ekarri behar da golf jokalari aretxabaletarrak hamar urte daramatzala profesional mailan. Golfaz maiteminduta dago 7 edo 8 urte zituenetik eta asteburu honetakoa izan da bere ibilbideko lorpen handiena: "Lehen aldia da irabazten dudana. Golfa joko zaila da, irabazteko oso erregularra izan behar zara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak