Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak luzatu du euskarazko hedabideendako diru-laguntza deialdia. Berrikuntza da hedabideen hiru urteko finantzazioa bermatuko dela (2016-2018). Horretarako 14.625.000 euro jarriko ditu HPSk.
Diru-laguntzen irizpideak zehazterakoan luze eztabaidatu dute Hekimen eta Tokikomekin, eta irizpide horietako batzuk "bere egin" ditu HPSk.
Irizpideak
Paperezko eguneroko eta tokiko hedabideentzako diru-laguntza zehazteko, ondorengo irizpideak izango dituzte:
- Hedabidearen irismena: hedabide bakoitzaren esparru geografikoan dauden kontsumitzaile kopuru potentziala eta benetako kontsumitzaile kopuruaren artean dagoen ratioa baloratuko da: 65 puntu.
- Hedabidearen hedadura maila: zabalkunderako zailtasuna konpentsatu nahi da, ez baitu ahalegin bera eskatzen udalerria edo eskualdean edo EAE osoan banatzeak: 10 puntu.
- Autofinantzazio maila: pisu berezia eman nahi zaie harpidetza eta publizitatea eskuratzeko ahaleginei. Ondorioz, autofinantzazioari asignaturiko 15 puntuetatik 10 harpidetza eta publizitatearen arabera banatuko dira.
- Maiztasuna: batzuk astekariak dira, besteak egunkariak, beste batzuk hamabostekariak edo hilabetekariak. Maiztasun handiena sarituko da: 5 puntu.
- Bikain euskararen kalitate ziurtagiria: gehienez 5 puntu, ziurtagiri mailaren arabera.