Martxoan baino 9.300 landun gehiago daude Euskadin, eta langabezia %13,9koa da

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 23a, 08:00

EAEko lan-merkatuaren 2016ko bigarren hiruhileko datuen arabera, okupatuak 903.900 ziren, aurrekoan baino 9.300 gehiago, (%+1), Eustaten datuen arabera. Langabezia-tasa %13,9 da, 2016ko lehen hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago.

Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera-tasa %57,3 da 2016ko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino ehuneko bi hamarren gainetik. Okupazio-handitzeak bi sexuei berdintsu eragin die.

Bizkaian 7.700 okupatu gehiago daude, eta Gipuzkoan, 4.100; Araban, berriz, 2.300 gutxiago.

Zerbitzuetan gehitu da gehien okupazioa

Zerbitzuetan 10.400 okupatu gehiago dago, 2.200 eraikuntzan, 700 lehen sektorean; industrian, ordea, 4.000 gutxiago.

Okupazio-tasa, 16tik 64 urtera bitarteko biztanle-kopuruaren gainean landunen ehunekoa, %65,7 da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,9 puntu gehiago. Gizonentzat %68,8 da tasa; emakumeentzat, %62,5.

Okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak dauka, %67,6, aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 1,4 puntu gehiago; Arabak %65, puntu 1 gutxiago; Bizkaiak %64,7, puntu 1 gehiago.

483.100 familia-etxetan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude

2016ko bigarren hiruhilekoan, EAEko 872.400 familia-etxeetako heren batean ez dago pertsona aktiborik. Erdia pasatxoan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 1.400 familia gehiago; pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak 50.400 dira (guztien %5,8).

Langabezia zertxobait murriztu da

Langabeak, hau da, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest daudenak, urteko bigarren hiruhilekoan 146.100 direla zenbatetsi da, aurreko hiruhilekoan baino 4.600 gutxiago. Gizonezko langabeak 78.600 dira, 2.600 gutxiago. Emakumeak, 2.000 gutxiago hiruhilekoan, guztira 67.500.

2016ko bigarren hiruhileko datuen arabera, langabezia-tasa %13,9 da, aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,5 puntu gutxiago. Gizonen langabezia %14,2ra jaitsi da (ehuneko 0,5 puntu gutxiago); emakumeena berdin jaitsi, %13,6ra. Gazteen langabezia-tasak altuena izaten segitzen du, %31,8 (ehuneko 2,3 puntu gutxiago); 16-24 urte bitarteko 14.800 gazte aktibo daude langabezian.

Langabe-jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da: 3.800 langabe gutxiago; langabezia-tasa, %10,7, aurreko hiruhilekoan baino 1,2 puntu gutxiago da. Araban %14,5; 500 pertsona gutxiago, 22.800 guztira. Bizkaian 300 langabe gutxiago aurreko hiruhilekoaren aldean; langabezia-tasa, %15,7.

EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2016ko maiatzean, 28-EBko langabezia-tasa %8,6 zen, Espainiakoa %19,8.

EAEn 9.400 biztanle okupatu gehiago daude, 2015eko bigarren hiruhilekoaren aldean. Emakumeei eragin die batik bat okupazio-handitzeak, 7.100 emakume gehiago baitaude lanean; gizonen kasuan, 2.300 gehiago.

Langabezia-tasa ehuneko 1,3 puntu jaitsi da (%15,2tik %13,9ra). 2015eko bigarren hiruhilekoan baino 14.000 gutxiago EAEn.

Gizarte Segurantzako bazkide dira 834.300 lagun

EAEn, hiruhileko bakoitzeko batez beste 834.300 pertsona dira Gizarte Segurantzako bazkide. Haien arteko %98,3 okupatuak dira, Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) irizpideen arabera: 819.900 lagun.

Zenbatetsitako batez besteko 834.300 bazkideetatik 768.800 (%92,1) hiruhilekoan zehar etengabe edo aldi bateko eten batez bazkideturikoak dira; gainerakoak, 65.500, bazkide berriak edo 2016ko bigarren hiruhilekoan baja izan direnak.

EAEn 135.200 langabe daudela zenbatesten da, batez beste eta Lanbiden erregistraturik; alegia, EAEn bizi eta inkestaren garaian Lanbiden erregistratuta langabe kategoriaren batean. Haietatik %71,7 langabeak dira, NLEren definizioaren arabera (96.900 langabe).

Lanbiden 135.200 langabe daude erregistratuta batez beste; %83,7, 113.200, erregistratuta egon dira hiruhilekoan zehar edo gehienez bajaren bat izan dute; gainerakoak, 22.000 pertsona, aurreneko aldiz erregistratu dira edo baja izan dira Lanbiden 2016ko bigarren hiruhilekoan.

BJAren NLE langabeen %30,6 ez daude erregistratuta Lanbiden langabe gisa (44.700 pertsona), baina baliteke beste kategoriaren batean egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak