Merkatari txikientzako erraztasunak
Akordioaren lehen emaitza herriz herriko merkatari txikiei zuzendutako ekimen berezia da. Kanpaina horri esker, PuntuEusek eta Tokikomek erraztasunak emango dizkiete merkatariei interneten presentzia izateko, toki komunikabideen gida komertzialen bidez.
Hala, gida komertziala martxan duten toki komunikabideek aukera eskainiko diete merkatariei, PuntuEus domeinu-izen bat 15 euroan erosi eta/edo berritzeko, gida komertzialeko haien orriarekin lotzeko. Domeinuon merkatuko prezioa 50 eurotik gorakoa da gaur-gaurkoz.
Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek azaldu duenez, "Tokikomek tokian tokiko eragileetan ditu bere erroak, eta konpromiso sendoa du tokiko eragileekin. Herrietako dendari txikiak toki komunikabideen aliatu naturalak dira, eta guretzat poz handia da denda txikiei internetera salto egiteko laguntza eskaini ahal izatea".
Josu Waliñok, PuntuEus Fundazioaren zuzendariak, azpimarratu du akordio honek eragin bikoitza izango duela: "Dendari txikien presentzia digitala PuntuEus domeinuen bidez bultzatuz, euskararen esparru digitala ere hedatuko dugu. Tokikomeko bazkideek osatzen duten sare zabala horretarako baliatzea oso emankorra izango da gure ustez".
Aitzindariak Zumaian, Soraluzen eta Debagoienan
Behin hitzarmena sinatuta, toki komunikabideak berehala hasiko dira eskaintza honen berri ematen tokian tokiko dendariei. Momentuz, Zumaiako Baleike.eus, Soraluzeko Plaentxia.eus eta Goiena.eus agerkariak izango dira aitzindariak, baina laster batuko zaizkie beste batzuk ere.