Berritasunak ditu bihar egingo duten Gatzagako 19. Auto Igoerak

Eskomotor eta A+Gas eskuderiek antolatuta egingo dute bihar, zapatua, Gatzagako 19. Auto Igoera (16:00etan hasita). Eta, azken urteekin alderatuta aurtengoa nobedadeekin dator, ostera ere jatorrizko bertsiora bueltatuko delako lasterketa, mendate zaharreko kurbetara –Arlabango asfaltoa oso egoera txarrean dago–.  

Bihar, zapatua, Gatzagako mendatera itzuliko dira Euskal Herriko mendiko pilotu trebeenak, azken lau edizioak Arlabanen egin eta gero. Izan ere, 22 urte lasterketa barik egon ostean 2010ean Eskomotor taldeko lagunek Gatzagako Igoera antolatzea erabaki zuten, eta bi edizio mendate zaharrean egin eta gero 2012an Arlabaneko kurbetara eraman zuten igoera. Aldaketarako motiboa antolatzaileek igoera antolatzeko izaten zituzten arazoak saihestea zen, Leintz Gatzararako errepidea itxi beharra, esaterako. Alde horretatik, Arlabanek ez zituen horrenbeste buruhauste sortzen, baina azken urteotan mendate horretako asfaltoa asko hondatu da, tarte batzuetan zulo handiak daude, edo zoruak gorabehera handiak ditu. Hori horrela, antolatzaileek jatorrizko bertsiora bueltatzeko erabakia hartu dute, baina hainbat aldaketekin.

Ibilbide berria, luzeagoa 

Aurtengo edizioa Eskomotor eta A+Gas taldekoek elkarlanean antolatuko dute, eta nobedadeetako bat da igoera luzeagoa izango dela (4,8km). Lasterketa Marulandan hasi beharrean Kuatruenako etxeen parean hasiko dute, Eskoriatzatik gertuago: “Lehen Gatzagako Igoera motz geratzen zitzaien pilotuei, eta uste dugu horrela igoera txukuna geratzen dela, gutxi gorabehera bi kilometro irabaziko ditugu. Hori bai, hasierako kilometroak oso azkarrak dira, zuzen luzeak daudelako, eta hor autoek abiadura handia har dezakete. Hori saihesteko, eta pilotuen segurtasuna kontutan hartuta hainbat chicane jarriko ditugu”, adierazi du A+Gaseko Asier Zubillagak.

Eskomotorreko Ander Lezetak eman ditu xehetasun gehiago: “Federazioak ez digu beste aukerarik eman, beheko tramuak gehitu gura genituen guk, baina hori chicaneekin izan behar zen, eta egia esan, ez da erabaki txarra, autoek bestela abiadura handia hartuko lukete-eta”.

Arlaban eta Gatzaga, ezberdinak 

Igoera bat edo bestea aukeratzekotan, Lezetak garbi dauka, antolatzaile lanetan ibiltzearekin batera pilotua ere badelako: “Niri mendate zaharra gustatzen zait gehiago, Gatzagakoa. Kurba itxiagoak ditu, errepide estuagoa da... Gainera, bi zati erabat ezberdin  ditu, beheko zati berria oso azkarra da, eta Marulandatik gorakoa, berriz, ikusgarria. Arlaban, ostera, erabat ezberdina da. Hura ere polita da, azkarragoa, errepide zabalagoa du... Europako Txapelketetan egoten diren igoeren antz handiagoa du Arlabanek, baina nik, aukeran, gurago dut Gatzagakoa”.

Hiru chicane jarriko dituzte igoeran autoen gehiegizko abiadura saiheste aldera

Gatzagako Igoerak hainbat kilometro irabaziko ditu, baina antolatzaileek istripuak saihestu gura dituzte, eta horretarako hainbat chicane jarriko dituzte lehenengo kilometroetan.

Ezkerrekoa: Lehenengo chicanea Kastañares auzoan egongo da: “Baserriek eurek chicane natural bat egiten dute hor, baina beharrezkoa da beste bat jartzea, bestela autoek 120 kilometro ordura hartuko lituzketelako baserrien arteko kurba horiek. Ondoren, gainera, trenaren zubi aurretik maldaren gainalde bat dago, eta hor autoek salto egingo lukete.

Erdikoa: Bigarren chicanea Zarimutzeko bidegurutzean egongo da: “Hori ere derrigorrezkoa, hor bi zuzen luze daudelako. Edozein Saxo 160 kilometro orduko abiadura hartzeko kapaz izango zen hor, eta esaterako, Zabaletaren autoa 200 kilometro ordutik gora”.

Eskumakoa: Hirugarren chicanea Marulandan egongo da, taberna baino lehenago. “1988an motor lasterketa egin zen hemen, eta pilotu batek bizitza galdu zuen, zorigaiztoko istripu larria izanda; tabernako hormaren kontra izan istripua: “Eta ez dugu holakorik gura. Hor ere abiadura motelduko dute autoek”.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.