Negozio "lehiakor" eta "iraunkorrei" erreparatzen dien bide orri berria onartu du Mondragon Taldeko Kongresuak

Eneko Azkarate 2016ko uzt. 20a, 18:56
Javier Sotil eta Iñigo Uzin, gaurko kongresuan.

Mondragon Korporazioak urteko Kongresua egin du gaur Donostian. 650 konpromisariok hartu dute parte, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Aurtengo edizioak aro berri bat hasi du talde kooperatiboarentzat.

Etapa berri bat, "politika sozio-enpresarial berrituarekin", etorkizuneko Mondragoni buruzko hausnarketa eguneratuarekin eta Kontseilu Orokorreko lehendakari berriarekin: Iñigo Uzin. Datorren abuztuaren 1etik aurrera sartuko den lehendakaritzan, Javier Sotilen ordez. Eskuratu eta Ordainduko kideek Kursaaleko ateraino eroan dute Mondragon Taldearen aurkako protesta.

Kongresuak bi zati bereiz izan ditu: batean, ohiko gaiak landu dituzte, eta bestean ekitaldian aurkeztu diren bi ponentziak eztabaidatu eta onartu dira: Etorkizuneko Mondragon, "balioen bizipenari, antolamendu egiturari eta elkarren lankidetzako finantza fondo eta tresnei buruzkoa", eta 2017/2020 Politika Sozio-enpresariala.

Lehenengo zatiari dagokionez, hainbat alderdi nabarmendu ditu Mondragon Korporazioak hedabideetara bidalitako oharraren bidez: hala nola, Zentro Korporatiboaren aurrekontua berrestea, baita kudeaketa txostenak ere, bai Kongresuko Mondragoneko Batzorde Iraunkorrarena, bai Mondragoneko Kontseilu Orokorrarena, Javier Goienetxea eta Javier Sotil lehendakariek idatzita, hurrenez hurren.

Javier Sotilek Mondragonen bilakaera azaldu du. Positiboki baloratu du 2015eko ekitaldia, eta zera adierazi du: "Korporazioaren multzoan enpleguaren maila handitzea lortu dugu, eta bereziki Industria Arloan hazi gara, zeina azken bi urteetan enplegua sortzearen inguruan oso joera positiboa mantentzen ari den, 2.100 lanpostu baino gehiagorekin. Horietatik, 1.400 gure ingurunean". 2016ari dagokionez, Sotilek adierazi du "oro har, gestio planeko aurreikuspenak betetzen" ari direla, "eta bilakaera hori berresten bada urtearen amaieran aldagai enpresarial guztietan hazkundearen bidean" jarraituko dutela.

'Etorkizuneko Mondragon' eta 'Politika Sozio-enpresariala'

Kongresuaren bigarren zatian, ekitaldian aurkeztutako bi ponentziak eztabaidatu dira: Etorkizuneko Mondragon eta 2017/2020 Politika Sozio-enpresariala.

Ponentziak aurkeztu eta eztabaidatu eta gero, biak Kongresuko kideen aho batez onartu dira.

Etorkizuneko Mondragoni dagokionez, ponentziak hiru zati ongi bereiziak ditu: bata, balioen bizipenari buruzkoa; bigarrena, antolamendu ereduari buruzkoa eta, hirugarrena, "elkarren arteko lankidetzako finantza fondoak eta tresnak" aztertzen dituena.

Ponentziak Mondragonen "balio kooperatiboen bizipena indartu" nahi du, "etapa berri honetan sendotu beharreko balioak eta praktikak azpimarratuz". Hainbat kontzeptu aipatzen dira: "Autoexijentziaren eta koerantzukizunaren kultura, elkartasun exijentea, eraldaketa soziala eta elkarrekiko lankidetza".

Antolamenduaren ikuspegiak kooperatiben kokapen lehiakorra indartu eta bere proiektu sozio-enpresarialak sustatu nahi ditu, "merkatu globalean arrakastaz lehiatzeko ahalmenak garatu eta oinarri sendoa" ezarri, bere gainean etorkizuneko Mondragon garatzeko.

10 proiektu sektorial

Ikuspegi berriak 10 proiektu sektorial ditu ardatz, eta, halaber, Eskualdeko Egitura sareak antolatzea proposatzen du, gune geografiko berean kokatutako kooperatibek osatuak, "hurbileko ingurunean eraldaketa soziala bultzatzeko".

Elkarren arteko lankidetzarako tresna finantzarioei dagokienez, helburua da kooperatibei beharrezko egitura eta euskarri finantzarioak ematea, beren negozioak modu iraunkorrean garatu eta hedatuko direla bermatzeko. Eredu berri bat proposatzen du, "negozioen errentagarritasunean eta iraunkortasunean" oinarrituta, kooperatiba guztien arteko "lankidetza eta elkartasuna" mantenduz. Proposamen berria bi fondo berriren gainean bermatzen da: KGF fondoa (Kohesio eta Garapen Fondoa) eta HFK (Hedapen Fondo Korporatiboa). KGF fondo bakarra izango da, eta HKFk, berriz, dibisio izaera eduki ahal izango du (horrela nahi duten dibisioetan) edo dibisio artekoa.

Ziklo estrategiko berrirako Politika Sozio-enpresarialari dagokionez, negozio lehiakorretan eta iraunkorretan jartzen du indarra. Hori da 2017/2020 laurtekorako "erronka nagusia", eta negozioak etengabe eraldatuz eta egokituz eta "pertsonak balio erantsia sortzeko konprometituz" lortu nahi da. Halaber, proposatzen da negozio bakoitzak garapen eredu bat garatu dezan, kokapen egokia lortzeko eta negozioen kontzentrazioari bultzada bat emateko.  

Bide orri berriak bost lerro estrategiko finkatzen ditu proposatutako erronka betetzeko: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, elkarrekiko lankidetza eta presentzia globala.

Erreleboa lehendakaritzan

Kongresuan, halaber, Kontseilu Orokorreko lehendakaritzako erreleboa eszenaratu da. 2014az geroztik presidente izandako Javier Sotilek, Iñigo Uzini eman dio lekukoa. Javier Sotilek esker hitzak izan ditu ia bi urtez taldea zuzentzeko beragan jarritako konfiantzagatik. Aipamen berezia izan du kooperatiba guztientzat, batez ere krisian zehar "egindako ahaleginetan elkartasuna erakutsi" duten guztientzat, eta kooperatibista guztiak animatu ditu taldea eraikitzen jarraitu dezaten, munduan erreferentzia izateko eta  "gizartearentzat balioen eredu" izateko.

Iñigo Uzinek, berriz, kongresuko kideen aurrean egindako mintzaldi laburrean adierazi du, "hurbileko etorkizunerako bide orria argi" dagoela, eta, gehitu du, Mondragon "indartsua" izango dela, baldin eta "negozio errentagarriak" baditu eta "kooperatibetan balio kooperatiboak dituzten pertsonak baditu". Iñigo Uzinen datorren abuztuaren 1etik aurrera hartuko du Korporazioaren burutzako kargu berrOia.

Ordaindu eta Eskuraturen protesta

Mondragonen Kongresua aprobetxatuta, Donostiaraino abiatu dira Ordaindu eta Eskuratuko kooperatibista ohiak. Javier Sotilen agintaldia kritikatu dute eta baita gaurko Kongresuan kooperatiben taldeak hartutako erabakiak. Eta, beste behin, eskatu dute "itzultzea 50 milioi euro" 1.000 kooperatibistari. Azkenik, ondo etorria adierazi diote Iñigo Uzin Mondragon Korporazioko buru berriari eta harekin batzartzeko gertu agertu dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak