Egubakoitzean jokatuko duten Eibar-Sanse partidurako sarrerak salgai daude

Xabier Urtzelai 2016ko uzt. 19a, 12:50

Egubakoitzean, uztailak 22, jokatuko dute Eibarrek eta Sansek lagunarteko partidua Atxabalpen, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Monte eta Ziorla tabernatan (4 eta 16 urte bitartekoendako 3 euro, eta nagusiendako 8 euro). Abuztuaren 10ean, ostera, Realeko lehenengo taldearen kontra neurtuko ditu indarrak Eibarrek, Bergaran.

Eliteko futbol taldeak hasi dira denboraldia prestatzen, eta lagunartekoak jokatzen. Hala, Mondrak eta Arrasateko Udalak antolatuta, egubakoitzean (19:00, Atxabalpe)  Eibarrek eta Sansek lagunartekoa jokatuko dute. Talde armagina ondo indartzen dabil datorren urtera begira; Yoel Rodriguez, Bebe, Pedro Leon, Florian Lejeune... Eibarko taldeak egin dituen fitxaketetako batzuk dira, eta baliteke egubakoitzean Atxabalpen jokatzen ikusi ahal izatea. Euren aurrean Realeko bigarren taldea izango dute, Sanse. Imanol Alguacilen taldea joan den astelehenena hasi ziren lanean, eta egubakoitzekoa bigarrehn lagunartekoa izango dute, joan den zapatuan Berioren kontra jokatu zuten-eta lehenengo partidua.

Abuztuaren 10ean, Agorrosinen

Hurrengo futbol hitzordua, berriz, abuztuaren 10ean izango da. Orduan, Kilometroak 2016ren barruan Realeko lehenengo taldeak eta Eibarrek jokatuko dute, Agorrosinen. Ordurako futbol taldeek etxerako lanak aurreratuago izango dituzte, eta taldeak erritmoa hartzen joango dira. Realak udan, guztira, hamar norgehiagoka jokatuko ditu. Vila-realen kontra jokatuko dute zapatuan, hilak 23, eta ondoren etorriko dira Herbeheretan, eta Ingalaterran jokatuko dituzten norgehiagokak: Konyaspor (uztailak 27), NEC Nimega (uztailak 29), Heerenveen (uztailak 30), Burnley (abuztuak 5) eta Middlesbourgh (abuztuak 6) izango dira kanpoan egingo duten egonaldian jokatuko dituzten partiduak. Ondoren –abuztuak 10– etorriko da Bergarako partidua, Reala eta Eibar zein baino zein gehiago Agorrosinen, eta abuztuaren 13an Alemanian izango dira txuri-urdinak, Bayern Leverkusen taldearen kontra jokatuko dute-eta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak