Eroskik 19 gasolindegi zabalduko ditu hurrengo bi urteetan. Guztira, inbertsioa zazpi milioi eurotik gorakoa izango da, gutxi gorabehera, eta erkidego hauetan zabalduko dituzte gasolindegiak: Balear Uharteak, Kantabria, Katalunia, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Galizia.
Halaber, gasolindegi gehienak birmoldatu diren edo egin berri diren Eroski supermerkatuen ondoan egongo dira. Gasolindegietan, konbinatuko dira langileek lagundutako salmenta ordutegi komertzialean eta autozerbitzua 24 orduz.
Gasolindegia duten supermerkatuek gehiago saltzen dute
Gasolindegien sarea handitzeko plan honen bidez, kooperatibak supermerkatuen sarera eraman nahi du zerbitzuguneen kudeaketa, dendak orain baino erakargarriagoak eta lehiakorragoak izan daitezen. “Gure supermerkatuetako baten ondoan gasolindegi bat zabaltzen denean, elikagaien salmentak gora egiten du %4. Esperientzia hau belaunaldi berriko supermerkatuekin ere egin nahi dugu, gure apustua kontsumitzaileei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak etengabe hobetzea baita”, esan du Rosa Carabelek, Eroskiren sare komertzialeko zuzendari nagusiak.
Uda amaiera aldera, Eroskik hiru gasolindegi berri izango ditu abian Bizkaian, Kantabrian eta Mallorcan. Gainerako gasolindegiak zabaltzeko egutegia baimenen izapideen mende dago oraingoz; dena den, baimen horietako asko bidean dira jada.