Laskurainek, baina, beste proiektu bat du egunotan esku artean: William Shakespearek idatzitako Uda gau bateko ametsa lan ezagunaren moldaketan ari da parte hartzen. Donostiako Cristina Enea parkean egiten dute, gauero, emanaldi bana: ekainaren 21ean hasi ziren eta uztailaren 24ra bitartean egingo dituzte. Obra jarraitzeko modua berezia da: batetik, publikoa ez delako ikusle soila; protagonisten ezkontzako gonbidatuak dira. Eta bestetik, antzezlana ibiltaria delako; Cristina Enea parkeko hainbat tokitan garatzen dute. Txoko horietako batean dago Bergarako aktorea, komikoaren paperean sartuta.
Gabilondo ere zuzendari
Asteon aurkeztu duten Treblinkara azken trena antzezlanak ere Debagoieneko ukitua du: Mireia Gabilondo bergararrak zuzendu du, eta Mikel Laskurain herrikidea eta Kepa Errasti aretxabaletarra daude aktoreen zerrendan. Janusz Korczak pedagogo judutarraren bizitza eta heriotza du lanak oinarri. Urrian estreinatuko dute.
Adiorik gabe ekimena ere Gabilondok zuzendu du, Iñaki Salvador, Teresa Calo eta Joxan Goikoetxearekin batera. Indarkeriaren biktimei buruzkoa da. Uztailaren 2an estreinatu zuten eta irailaren 25ean egingo dute hurrengo emanaldia.
'Kalebegiak'-en, Asier Altuna
Hamabi film laburrez osatutako film luzea da Kalebegiak. Eskarmentu handiko zuzendariek egin dute, horietako bat da, Altuna bergararra.