316 lagun aurkeztu dira ogasun teknikariendako Aldundiak antolatutako azterketetara

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 13a, 15:58

316 lagun aurkeztu dira Foru Aldundiak ogasun teknikariak aukeratzeko gaur, eguaztena, egin dituen bi azterketetara. Aurten 13 pertsona kontratatuko dira azterketa horietatik abiatuta.



Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako bi lan poltsa berriren azterketak egin dira gaur goizean Irungo Ficoba azoka gunean. Erdi mailako eta goi mailako ogasun teknikari jardun nahi dutenei zuzendutakoak dira, eta 733 eta 613 eskaera jaso dira, hurrenez hurren. Poltsa berriari esker, aurten bertan hamahiru pertsona kontratatu ahal izango dira Ogasun eta Finantzetako departamentuan, zerga iruzurrari aurre egiteko.

Asmoa zen irailean egitea azterketak, baina Aldundiak tramiteak azkartu ditu lehenbailehen egin ahal izateko, eta, modu honetan, zergak ordaintzea saihesten dutenei aurre egiteko giza baliabide gehiago zuzendu ahal izateko, eraginkorki.

Maite Barruetabeña Funtzio Publikoko zuzendariak deialdiaren balorazio positiboa egin du: “Zerrenda propioa eduki ahal izango dugu, langile gazte eta ondo prestatutakoek osatutakoa, eta Gipuzkoako udalentzat ere baliagarria izango dena”. Epe laburrean, zerga iruzurraren aurkako borroka indartzea ahalbidetuko du.
 
316 hautagai aurkeztu dira gaurko frogara, guztira. Bi poltsen azterketak jarraian eta egun berean egin dira baliabideei etekina atera eta hautagaien parte-hartzea errazteko.  Euskarazko 3. Hizkuntza Eskakizuna egiaztatu beharko dute aztertuek.

Deialdi gehiago egongo dira

Funtzio Publikoko zuzendariak azaldu du lan poltsa asko zaharkituta edo agortuta zeudela, eta horiek berritzeko mugimendua etengabekoa izan dela Foru Gobernu berria eratu zenetik. Iaz, Aldundiak aldi baterako lan poltsa deitu zuen Ogasun departamenturako, teknikari ertaineko 84 posturekin, 2015eko Errenta Kanpainan –berriki amaitu dena- errefortzu lanak egiteko. Lan poltsa hau urteroko kontua zen, baina 2014an bertan behera utzi zuen aurreko Foru Gobernuak, eta berreskuratu egin da legealdi honetan.

Apirilean, bestalde, administrarien lan poltsaren azterketak egin ziren. Administrarien lehen lan poltsa handia da 2002az geroztik. 2.071 hautagai aurkeztu ziren Ficobako frogetara, eta “oso arrakastatsutzat” jo du foru zuzendariak. Ekainean, Aldundiak beste deialdi bat egin zuen Administrazio Orokorreko teknikarientzat (AOT), eta 570 eskaera jaso ditu. Jarraian, geologoenak, ingeniarienak, eta gizarte langileenak deitzea aurreikusten da. “Hau ez da geldituko” –aurreratu du Barruetabeñak: “Horri esker, dauzkagun hutsuneak azkarrago eta eraginkorrago bete ahal izango ditugu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak