Iaz baino %5 gehiago batu da zergatan ekainera arte

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 12a, 13:56

Zerga-bilketa pilatua %5 hazi da Gipuzkoan ekaina arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta, Foru Ogasunak jakinarazi duenez.

Zehazki, 2015ean baino 69 milioi euro gehiago bildu dira. Lurraldeko Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, emaitzen irakurketa baikorra egin du, nabarmenduz hurrengo hilabeteak izango direla urtea nola itxiko den jakiteko lehen gakoak emango dituztenak, Errentaren, Aberastasunaren eta Sozietateen gaineko Zergaren urteko kanpainen emaitzak orduan islatuko baitira. “Bide onetik goazela dirudi, baina tentuz ibili behar dugu irakurketak egiterako orduan datu fidagarriagoak izan arte”, adierazi du.  

Ekaina arteko bilakaeraren zergatia azaltzerako orduan, eragin positiboa izan dute sarreretan PFEZen lan atxikipenak, BEZen sarrerak eta zerga bereziek; PFEZen eta Sozietateen gaineko Zergaren itzulketek ere behera egin dute. Balantzaren beste aldean, BEZen itzulketak hazi dira, ondare irabazien atxikipenak gutxitu eta Sozietateen gaineko Zergaren sarrerek ere behera egin dute.

Errentaren esparruan, lan atxikipenen atalean 17,4 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2,6). Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute: 17,9 eta 9,6 milioi gutxiago, hurrenez horren. PFEZa bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 16,2 milioi gehiago batu baitira (+%3,3).

BEZen bidez, 17 milioi gehiago

Sozietateen gaineko zergaren atalean, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 11,3 milioi jaitsi dira eta itzulketak, bere aldetik, 18,6 milioi gutxitu 2015ekin alderatuta. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZi dagokionez, zerga bilketa metatua %3,7 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 17,4 milioi euro gehiago bildu dira: 30,2 milioi gehiago batu dira (+%4,8), itzulketak 17,9 milioitan hazi dira (+%6,2) eta lurraldeen arteko doikuntzak 5,2 milioi igo dira (+%4,3).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak