Erabilitako etxebizitza garestitu egin da Arrasaten eta Bergaran, Euskadiko joeraren kontra

Leire Kortabarria 2016ko uzt. 2a, 08:00

Bigarren eskuko etxebizitzaren prezioa %1 jaitsi zen Euskadin 2016ko bigarren hiruhilekoan. Hiru lurraldeetan jaitsi zen prezioa. Arrasaten eta Bergaran, aldiz, zerbait igo da.

Etxebizitzatan espezializatutako Idealista webgunearen ikerketa baten ondorioak dira horiek.

Arrasate eta Bergarako merkatua ere aztertzen du webgune horrek, eta 2016ko ekainean, Arrasateko bigarren eskuko etxebizitzen metro koadroaren batez besteko salneurria 1.618 euro zen, martxo bukaeran baino %0,7 garestiagoa, baina iazko ekainean baino %3,9 merkeagoa (1.684 euro zen orduan). Bergaran, batez besteko salneurria 1.746 euro da ekain amaieran, martxoan baino %2,3 garestiago baina joan den ekainean baino %2,8 merkeago.

Donostia eta Bilbo, merkeago

Hiriburuetan justu kontrako joera gertatu da: Donostian, metro koadroaren batez besteko salneurria 3.872 euro da (Hego Euskal Herriko eta Espainiako hiriburuen artean prezio handiena, eta orotariko bigarren prezio handiena, Zarauzkoaren ondoren, 4.437 euro), martxo amaieran baino %0,6 merkeago eta joan den ekainean baino %4,2 garestiago; salneurria 3.717 euro zen orduan.

Hiruhileko batetik besterako garestitze handiena Elgoibarren izan da: %5,2 handitu dira prezioak, eta 1.858 euro/m2-tik 1.955 euro/m2-ra pasa da. Joan den ekainean 1.935 euro/m2 zen salneurria.
Gasteizen, eboluzioa positiboa izan da, nahiz eta oso gutxigatik: prezioak %0,2 handitu dira martxotik ekainera, 1.860 euro/m2-tik 1.863 euro/m2-ra. Bilbon, %1,4 jausi da batez besteko salneurria.

Hiru lurraldeetan jaitsi da prezioa

Lurraldeka, jaitsierak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hurrenez hurren, %0,1, %1,4 eta %0,1 jaitsi dira prezioak martxo bukaera ezkero. Gaur egun, hauek dira batez besteko prezioak, metro koadro bakoitzeko eurotan emanak: 1.810, 2.591 eta 2.844.

Orokorrean prezioak jaitsi diren arren, Euskadi da estatu osoko zonalderik garestiena bigarren eskuko etxebizitzei dagokienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak