Lezetxikiko altxorren bila

Eneko Azurmendi 2016ko uzt. 1a, 10:37
Iazko indusketan.

21 urte daramatza Aranzadi elkarteak koba hau modu sistematikoan aztertzen. Astelehenean hasi zituzten aurtengo indusketak, eta uztailaren 16ra arte iraungo dute.

Duela 21 urte hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea Arrasateko Lezetxikiko koban indusketak egin eta berau modu sistematikoan aztertzen, Alvaro Arrizabalaga arkeologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea buru zuela.

Aurrez, 1956 eta 1968 urte bitartean Jose Migel Barandiaranek gidatu zituen hainbat indusketa kanpaina eta azken urteotako indusketek jarraipena eman nahi izan diete garai hartako lanari.

Aurtengo indusketa lanak astelehenean hasi zituzten eta uztailaren 16ra bitartean iraungo dute. Urtero moduan, arkeologia munduko estatu mailako –Madril, Bartzelona...–hogei langile inguru ari dira koba aztertzen, modu boluntarioan.

Helburu nagusia iaz

Alvaro Arrizabalaga arkeologoak nabarmendu du iaz lortu zutela helburu nagusia: "Beheko haitzea jotzea zen gura genuena, sekuentzia estratigrafikoa agortzea, eta iaz justu justu lortu genuen, azken aurreko egunean. Suposatzen dut horrek zikloz aldatzea ekarriko duela", adierazi du arkeologoak. Azaldu du sekuentzia horretan dagoeneko ez dutela material zaharragorik aurkituko.

Aurten, berriz, indusketa albotik egiten ari dira, bi helburu lortu nahian: "batetik, kronologia zaharreneko maila arkeologikoak aztertzen ari gara, gizakiak bertan eduki zuen presentzia eta eragina neurtu ahal izateko. Bestetik, sarrera berri bat bilatu nahian gabiltza", azaldu du Arrizabalagak.

Aurkikuntza garrantzitsuak

Lezetxikiko koba honetan, Europa mailako hainbat museotan ezagunak diren aurkikuntza garrantzitsuak egin izan dira: maskorrak, iberiar penintsulan lehen aldiz aurkitutako zenbait animaliren aztaranak, makakoaren matraila eta abar. "Egun, arkeologiak multzoak eta testuinguruak definitzen lan egiten du.

Lezetxikin mikrougaztunak agertu izan dira, iberiar penintsulan aurrez sekula aurkitutakoak, sagu txikiak eta halakoak. Arkeologia aldetik oso aberatsa da koba hau eta paleontologia aldetik, are garrantzitsuagoa", azpimarratu du arkeologoak. Horregatik, herritarrei "ahalik eta kontu handienarekin" ibiltzea eskatu du, oso gune garrantzitsua delako. "jendea konbentzituta egon behar da hemen koba hau garrantzitsua dela eta hemen aurkitzen denak balio arkeologiko eta paleontologiko handia duela", dio.

Gaineratu du Lezetxikin aurkitutako materialarekin 15.000 erregistro dituztela, 100.000 aztarna arkeologiko ingururekin. "Gipuzkoan arkeologia museorik ez dagoenez, horren ordezkotzat hartzen den Iruneko Gordailuan daude aurkitutako aztarna guztiak", nabarmendu du.

Diru-laguntzak, murritzak

Aurkikuntza nabarmenak egin badira ere, diru-laguntzak geroz eta murritzagoak direla dio Arrizabalagak. "Inoiz ez gara egoera on batean egon, eta gainera iristen zaizkigun laguntzak murriztuz doaz urtero", azaldu du. Hala ere, Arrasateko Udalaren laguntza "ezinbestekoa" izan dela azpimarratu du. "Arrasateko Udalak beti lagundu izan digu. Laguntza teknikoa, logistikoa eta, behar izan denean, ekonomikoa ere eskaini digu eta alde horretatik, ezin gara kexatu. Hala ere, horrek asko laguntzen du baina ez du arazo guztia gainetik kentzen", onartu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak