Jorge Oteizaren eta Arantzazuren arteko erlazioan sakontzeko aukera

Uztailaren 3an, domeka, 'Oteiza Arantzazun' izeneko bisita gidatuak eskainiko ditu Arantzazuko Turismo Bulegoak. Bi txanda antolatu dituzte. Lehena, 11:00etan, euskaraz, eta bigarrena, 12:30ean, gazteleraz. Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, eta gehienez hamabost pertsonako taldeak onartuko dituzte.

Gidatutako bisita hauetan, alde batetik, Jorge Oteizaren biografiari begirada bat emango zaie. Bere bizimodua eta ibilbide artistiko lehen urratsak izango dituzte hizpide. Behin hau eginda, Orioko artistak Arantzazun egindako lanak  sakon aztertuko dituzte. 1950ean Arantzazuko santutegi berrirako irudiak egiteko enkargua jaso zuen eta orduan sortutako Basilikako Apostoluak eta Pietatea eta Misterioa obrak izango dira aztertuko dituzten obretako batzuk.
Bisita hauek 2008an egin ziren lehen aldiz, artista oriotarraren jaiotzaren mendeurrenarekin bat eginez. Ordutik, edukitako arrakasta ikusita, urtero egin dituzte bisita gidatuak.

Izen emateak

Bisita gidatuetara joan nahi dutenek 943 718 911 telefonora deituta edo diz.debagoiena@gmail.com helbidera e-mail bat idatziz egin dezakete izen ematea. Sarrerek 2 euroko kostua izango dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.