Enrike Letona deklaratzera deitu dute Auzitegi Nazionalera

Eneko Azkarate 2016ko eka. 30a, 09:26
Enrike Letona, duela gutxiko agerpen publiko baten.

Enrike Letona arrasatearra Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dute. Gaur pasako da Madrilen, epaitegiaren aurretik, artxibatuta zegoen 1988ko sumario bat dela-eta. Arrasateko Sortuk salatu egin du "kriminalizazio saiakera" berria.

Abokatuak.eus webguneak dioenez, berriro irekitzea erabaki duten prozesuaren zehaztasunik ez dauka defentsak, baina 1981ko apirilaren 9an, Bilboko Begoñako elizaren inguruan, ETAk egindako atentatu baten zerikusia izan dezakeelakoan deitu dute deklaratzera arrasatearra. Atentatu hartan polizia nazional bat hil zuen ETAk eta beste bi zaurituta gertatu ziren.

1980ko hamarkadan ETAk egindako atentatu batzuengatik epaitua izan zen Enrike Letona eta 16 urte egin zituen kartzelan horiengatik, gehienak Murtzian, Arrasateko Sortutik adierazi dutenez. Espetxe zigorra beteta, 2003ko maiatzean aske geratu zen, baina urte bereko uztailean berriro atxilotu eta espetxeratu zuten, eta beste prozesu batzuei aurre egin behar izan zien. Epaitua eta zigortua izan zen berriro ere, baina zigor horiek lehendik pilatu eta beteta zituenez, erantzukizun penalik ez zeukalakoan, libre geratu zen. Abokatuak.eus webgunean diotenez, horixe bera gerta beharko litzateke oraingo kasuan ere.

Edozelan ere, Abokatuak.eus webguneak dioenez, azkenaldian Entzutegi Nazionalean berriro irekitzen ari dira artxibatutako hainbat kasu, lehendik zigortu eta ureetako espetxe zigorra beteta duten pertsonak berriro epaitzeko.

Enrike Letona Askatzeko Bilgunea

Arrasateko Sortuk, Enrike Letonaren egoeraren berri eman eta egoera salatu du.

Sortuk gogora ekarri du Letonaren kasuaren larritasuna salatzeko asmoz, Arrasateko hainbat eragilek plataforma bat sortu zutela 2003an, Enrike Letona bigarrenez atxilotu zutenean, hura aska zezaten eskatzeko: Enrike Letona Askatzeko Bilgunea, hain zuzen ere.

Bilgune horretan herriko sektore desberdinez osaturiko elkartasun sare indartsua osatu genuen. Izan ere, EAJ, EA, Aralar, Ezker Batua eta Zutik talde politikoek, Herri Anitza herri plataformak, ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Etxerat-ek, eta gizarte, kultura zein ekonomia munduko kideek osatu zuten taldea. Bai bilguneak bai Arrasateko Udalak antolatuta, hainbat ekimen egin ziren orduan Enrike Letona aske uzteko eskatzeko.

"Kriminalizazio saiakera"

Auziperatze berri hau, 2003ko espetxeratze arrazoi berak tarteko agindu du Entzutegi Nazionalak eta Arrasateko Sortuk gertaera honen "larritasuna azpimarratu" eta "kriminalizazio saiakera berri hau irmoki salatzearekin batera", bere "elkartasun osoa" adierazi dio Enrike Letona Biteri arrasatearrari.

Honen aurrean, herriko erakunde, eragile zein herritarrei dei egin die Arrasateko Sortuk, "tamainako gertaerak behin betiko amaitu" daitezen, "bidegabekeria" berri hau salatu eta "euskal herritarron eskubideen eta konponbidearen aldeko aldarrikapenera batu" daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak