Ekintzailetasun soziala oinarri duen bigarren uzta

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 24a, 16:46
'Berregin.Berrekin' saio bat.

Berrekin.Berregin egitasmoaren haziak bigarren uzta eman du; zazpi proiektu hain zuzen ere. Trebakuntza, erremintak, proiektu hazitegia eta bisitak eta testigantzak bateratu dituzte bigarren edizioan, eta erabat ezberdinak diren proiektuak sortu dira. Ezberdinak bai, baina guztiek ase gura dituzte Debagoienean dauden beharrak, gizarte justuago bat amestuta.

Debagoienean ekintzailetasun soziala eta komunitarioa sustatzea helburu duen programa iaz jarri zuten abian Bergarako Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiak, Olatukoop eta Bagararen kolaborazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ikasmina programaren babesarekin.

Bigarren edizio honetan uztartu dituzte batetik trebakuntza –ekintzailetasun sozialaren marko teorikoa eskainita eta erremintak ezagututa– eta bestetik, enpresa proiektuen ideia berrien lanketa, norberaren motibaziotik abiatuta eta eskualdean dauden beharrak identifikatuta. "Aurten hainbat aspektu sendotu ditugu; bigarren edizio batean jarduteak ematen duen abantailarekin ideietatik proiektuetarako bidea egiten hobeto asmatu dugu. Landu diren proiektu batzuk, iazkoek baino oinarri sendoagoa dutela esango nuke; garapen mailan urrats bat aurrera daudela. Euretako batzuk, epe ertain-motzean martxan jartzeko modukoak iruditzen zaizkigu", adierazi du Arianne Kareagak, MUko Lankiko kideak.

Etorkizunera begira

Bere bidea egiten doan egitasmoa dela uste dute Lankiko kideek. "Iazko edizioan Antzuola, Bergara eta Elgetako gazteei begira aritu ginen eta aurten eskualdera egin dugu salto. Uste dugu, badihardugula ekonomia soziala, ekintzailetza soziala, kolektiboa, eraldatzailea erdigunera ekartzeko diskurtso eta praktika bat sortzen, eta etorkizunean ere aurrera egiteko bokazioa eta gogoa ditugu". Hala, hurrengo urtera begira jarrita daude: "Pentsatzen hasita gaude edizio berri bati heltzeko nahiz gaurdaino martxan eta bizirik dauden proiektuak errealitate ekonomiko bihurtzeko".

Arianne Kareaga (Lanki): "Parte hartu duten adituek begirunez ikusi dute egiten diharduguna"

Zein balorazio egin duzue?
Bai parte-hartzaileen aldetik, baita bertan aritu izan garen eragileon partetik ere oso positiboa da. Hogei bat adituren ekarpenak izan ditugu formazio eta erreminten atalean eta denek begirunez ikusi izan dute egiten diharduguna, gisa honetako programen pertinentzia eta beharra. Guretako termometro esanguratsua da hori, denak baitira adituak edo arituak ekonomia sozialean, gizarte berrikuntzan, parte-hartzean, gizarte kapitalean…

Zer azpimarratuko zenuke?
Taldea sortu da ekonomia sozialaren bueltan; aurretik ez ziren ezagutzen eta orain guztiek formazioa jaso dute gizarte erronken gainean eta ekonomia sozialaren ingurukoak ezagutu eta jaso dituzte. Ekintzara bideratutako prozesua izan da eta zazpi proiektu identifikatu eta garatze bidean daude. Proiektu kolektiboak, eraldatzaileak, tokian saretuak, sozialak eta kooperatibagintza eta ekonomia sozialaren klabean izaeraz eta helburuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak