Hain justu ere, Arrasateri dagokionez, Uarkapen beharrean, Ferixalekuan eman beharko dute botoa udalerriko erdiguneko bizilagunek. Oñatiri dagokionez, berriz, Txantxiku ikastolako hautetsontziak kiroldegiko kantxa urdinean izango dira.
Hortik aparte, eta oro har, gaurko botoen bitartez erabaki beharrekoa abenduko berbera da: Espainiako Kongresua osatzen duten 350 diputatuak, Espainiako presidentea tarteko. Kongresuaren kasuan, probintzia bakoitzak aukeratzen dituen diputatu edo parlamentari kopurua bere bizilagun kopuruaren araberakoa da.Hala, Gipuzkoari sei diputatu izendatzea dagokio.
Eta aukeratu beharko da, baita ere, Senatua osatuko duten 208 senatariak; azken horiek zuzenean aukeratuko dira.
Negoziazioak
Hori bai, aurreikuspenek diotenez, herritarren berba abendukoaren nahiko antzerakoa izango da; hala ere, ordutik gaurdaino sokatiran ibili eta adostasunik eza gailendu arren, Espainiako gobernua osatzeko zeresan handien duten alderdiak orain badabiltza azpimarratzen hirugarren aldiz ez dela egoera bera errepikatuko.
Gauzak horrela, litekeena da gaurko emaitzaren ondoren, negoziazioek izango dutela azken berba, eta ez horrenbeste herritarronak.