Bergarako Udalak "gaitzetsi" egin ditu azken egunotan Gasteiz eta Angeluko emakumeen eta haurren erailketa eragin duten "eraso sexistak". Halaber, biktimen senitarteko eta adiskideei "elkartasun osoa" adierazi die. Indarkeria matxistaren azken kasu hauek salatzeko, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa kolektiboak Indarkeria sexistari aurre egin lelopean deitu duen kontzentrazioarekin bat egiten du Udalak. Kontzentrazioa gaur, asteazkena, 19:00etan izango da San Martin plazan eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egiten zaie.
Bihar, gainera, Martxanterak taldeak deituta elkarretaratzea egongo da herriko plazan 19:00etan.
Aretxabaletako Udala "haserre" agertu da erailketokin eta jendarteari dei egiten diote honelako indarkeria kasuen aurrean sentitzen duten gaitzespena adierazteko eta biolentzia honen aurka antolatzeko. Hala, gaur, eguaztena, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea, Herriko Plazan.
Oñatiko Asanblada Feministak ere dei egin die herritarrei hilketa matxistak salatzeko Oñatiko Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko. 19:00etan izango da hau ere.
Angelun, emaztea eta bi alaba hil eta bere buruaz beste egin zuen gizon batek. Atzo, martitzena, aurkitu zituen lau gorpuak Frantziako poliziak. Bestetik, Gasteizen, emakume bat hil, gorpua zatitu, eta Zadorra ibaira bota zuten. Gorpua atzo aurkitu zuen Ertzaintzak. Hildako emakumearen lagun gizonezkoa atxilotu du ertzainak, hiltzailea delakoan.