Elkarretaratzea bukatzean, batzar bat egingo dute, eta ondoren, kanpaldi bat hasiko dute. "Mankomunitate honek hartu dituen erabakien eta bultzatzen duen jendarte ereduaren aurrean gure aurkakotasuna adierazteko", azaldu dute. Asteburu honetan hiru aste beteko dira Donostian Gipuzkoa Zutik mugimenduak Gipuzkoa plaza hartu zuenetik.
Kanpaldi horren helburua da denbora honetan erraustegiarekiko eta, oro har, horren atzean dagoen gizarte ereduarekiko aurkakotasuna adieraztea, eta orain, protesta hori bailarara eraman nahi izan dute bertako kideek.
Izan ere, debagoiendar talde batek "mugimendu eta filosofia hori bailarara zabaltzeko ordua dela" deritzo. Gaineratu dute Gipuzkoa osoko zaborra bailara honetara bidali behar dutela, eta, horregatik, protesta beharrezkoagoa dela.
Erraustegia pertsonen "zapalkuntzan" oinarritzen den eta gizartea "amildegira" daraman sistemaren ondorioetako bat dela adierazi dute mugimendutik. Horrez gain, "beharrezkoa ez dela" eta "gutxi batzuen patrikak betetzeko" helburu bakarrarekin eraikiko den azpiegitura dela salatu du Donostia Zutik mugimenduak.