Xabier Murgiondo Gipuzkoako erlojupekoan nagusi

Xabier Urtzelai 2016ko eka. 15a, 15:13
Xabier Murgiondo –eskuman– erlojupekoaren aurretik taldekideekin batera berotzen. Argazkia: Mari Mar Teran

Joan den zapatuan Gipuzkoako errepideko txapelketan bigarren sailkatu izanaren arantza martitzenean atera ahal izan zuen Ulma taldeko ziklista oñatiarrak, Aizarnazabalen egindako erlojupekoan –gazte mailan– irabazita (0.19.55). Mikel Arregi taldekide antzuolarra hirugarren sailkatu zen.

Aurtengo denboraldia geroago eta borobilagoa izan dadin pauso sendoak ematen dabil Xabier Murgiondo oñatiarra. Gazte mailako ziklistak Deban eta Uzarragako Igoeran –Antzuola– jaso ditu besoak, eta beste hainbat lasterketetan aurrean ibili da, etxean antolatutako Gipuzkoako klasikoan, esaterako.

Garaipenaren atarian geratzeak sorrarazten duen amorrua ere hainbatetan bizi ahal izan du, esaterako, duela gutxi antolatutako Arantzazuko Igoeran [Bideoa], edo joan den astean Urretxun egindako Gipuzkoako errepideko lasterketan [Bideoa]. Bietan podiumean izan zen Oñatikoa, eta horiek irakaspen ederrak dira.  

Baina, martitzenean pauso bat aurrera eman eta Ulmako mutilak erlojuaren kontra ere ondo moldatzen dela erakutsi zuen, Aizarnazabalen irabazita. Ia 15 kilometroko zirkuituan segundo batengatik irabazi zion bigarren sailkatu zen Mikel Azparreni. Hirugarren, berriz, Antzuolakoa izanda ere Oñatiko elastikoarekin lehian dabilen Mikel Arregi sailkatu zen. Arregik oraindik ez du aurten garaipenik eskuratu, baina antzuolarra ere aurreko postuetako saltsan sartuta ibiltzen da ia lasterketa guztietan.  

Eta, seigarren postuan Ulmako beste taldekide bat sailkatu zen, Ekaitz Txintxurreta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak