Orlandoko "eraso heterosexual masiboa gogor gaitzetsi" du Kitzikan gazte antolakundeak

Eneko Azkarate 2016ko eka. 14a, 17:31

"Estatu inperialisten ekintzen ondorioak, gure gorputzetan pairatzen ditugu Floridan, Ramalan, Idomenin edota Kiev hirian. Eraso hauek, disidentzia sexual osoaren kontrako erasoak dira". Hala dio Debagoieneko Kitzikan antolakundeak, Orlandon (Ameriketako Estatu Batuak) domekan izan zen erasoaren inguruko oharrean.

Hemen, oharra osorik:

"Stonewall-eko matxinadaren urtemuga ospatzen zeuden kideekin eta gertukoekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu. Erasotzailea pertsona bakarra izan den arren, bere atzean ditu estatu eta erregimen heterosexualaren homofobia, matxismoa eta arrazakeria guztia. Sistemak ezin du ukatu gertakari hauetan izaten duen erantzukizuna. Estatu inperialisten ekintzen ondorioak, gure gorputzetan pairatzen ditugu Floridan, Ramalan, Idomenin edota Kiev hirian. Eraso hauek, disidentzia sexual osoaren kontrako erasoak dira, eta gure eskuetan dago antolakuntza eta borroka aurrera eramatea, elkartasun internazionalistan, horrelako gertakariak errepikatu ez daitezen.

Gogor salatu nahi dugu era berean, komunikabideen eta gobernu erakundeen jarrera, eraso heterofaxista honen aurrean. Islamarekin lotu nahi izan dute hasieratik, eta gerora arrazakeria xaxatu nahi izan dute jendartean. Erlijioak disidentzia sexuala kriminalizatzen duela jakin badakigun arren, guretzako, erasoaren motibazio bakarra homofobia izan da. Erail diren kide gehienak, ez zirela azal zuridunak azpimarratu nahi dugu.

Azkenik, atzoko egunean bertan gertatutako beste eraso larriak ere salatu nahi ditugu, gehienak queer mugimenduaren kontrakoak. Kiev hirian, naziek Stonewall-eko matxinadaren urtemugaren manifestazioaren kontra oldartu dira, Ukrainiako gobernuaren eta Europako bere aliatu inperialisten utzikeriagatik indarberritutako eskuin muturreko indarrek alegia. Europako beste aliatua den Turkiako gobernuak, berriro debekatu du ekainaren 28aren harira Ankaran burutuko den mobilizazioa. Eta Moskun, azken egunetan, hainbat militante atxilotu dituztela ere salatu nahi dugu.

Horrenbestez, Kitzikan antolakundeak, dei egiten du, egun hauetan burutuko diren elkartasun eta gaitzespen mobilizazioetan parte hartzera; eta Stonewall-eko matxinadaren harira burutuko diren Euskal Herriko mobilizazioetan inoiz baino determinazio handiagorekin parte hartzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak