'Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua' lana aurkeztu du Txomin Badiolak Arantzazun

Monika Belastegi Aranzabal 2016ko eka. 11a, 15:01
Katalogoaren aurkezpeneko une bat.

Bilboko artistak eskultore handiaren 2.752 lan batu ditu katalogoan. Eguerdian aurkeztu du Gandiaga Topagunean, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Jorge Oteiza Fundazio-Museoak elkarlanean antolatutako ekitaldian. Egilearekin batera aurkezpenean izan dira, besteak beste: Rafael Moneo arkitektoa, Oteiza Fundazio-Museoko presidente den aldetik; Markel Olano, diputatu nagusia; eta Iñaki Beristain, frantziskotarra.

Jorge Oteiza izan da, askoren iritziz, Euskal Herriak eman duen eskulturagilerik onena. Orain, bere lana biltzen duen katalogoa eman dute argitara, Txomin Badiola artista ezagunak egina. Altzuzan, Nafarroan, egin zuten katalogoaren lehen aurkezpena, Oteiza museoan hain zuzen, eta gaur, zapatua, eguerdian bigarrena egin dute Arantzazuko Gandiaga topagunean. Izan ere, santutegi kanpoaldean dauden apostolu ezagunak Oteizaren lanaren ikur garrantzitsua dira.  

Oteizaren katalogo arrazoitua lan mardula da, bi bolumenez osatua, eta eskultorearen 2.752 jasotzen ditu guztira. Hala ere, liburua ez da ohiko katalogo bat. Izan ere, obra guztiei buruzko informazioa eskaintzeaz gai, Badiolak Oteizaren obrak bere testuinguruan kokatu nahi izan ditu, haren bizipen pertsonal, artistiko eta esperimentalekin osatuz. Bestalde, Badiolak berak obra desberdinei buruz idatzitako saiakerak ere tartekatzen dira.

Lanaren hiru edizio egin dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, Oteizaren obra hainbat esparrutan zabaltzeko asmotan.

Lanaren prozesua

Duela bederatzi urte hasi zituen Txomin Badiolak Oteiza. Eskultura Katalogo Arrazoitua osatzeko lehen lanak. Hala, 2007tik 2010ra bitartean katalogazio jardunean aritu zen. "Denbora horretan, Oteizaren lanaren konplexutasuna deskribatzeko gai izango ziren hainbat kategoria definitu nituen", azaldu du egileak. Ondoren, datu base bat sortu zuen eta jarraian lan guztiak lokalizatu eta obra bakoitzari buruzko informazioak batzeko lanari ekin zion. "Hiru urtera, esan daiteke datu baseak masa kritiko nahikoa zuela Oteizaren lanaren ikuspegi nahiko zabal bat eskaintzeko", esan du Badiolak. Hala, hurrengo sei hilabetetan publikazioa diseinatu zuen, jasotako informazio guztia "ahalik eta modu argienean" eskaintzeko asmoz.

Artistaren ikuspegia

Mota honetako katalogoak historialariek edota bestelako adituek egin ohi dituzte, eta ez da arruntena lan hori artista batek burutzea. Hala ere, Badiolak esan du artista ez den norbaitentzat lan ia ezinezkoa izango zela: "Oteizaren konplexutasuna hain da handia, ezen oso zaila litzateke ikuspegi kritiko edo historiko batetik lantzea". Uste du eskultorearen lan prozesuak deskribatzeko ezinbestekoa dela antzeko egoera batean egon izana.

Txomin Badiolak aitortu du katalogo arrazoituaren ekimena ez zela berea izan, eta proposatu ziotenean, hasiera batean ez zuela nahi izan. Gauza bera gertatu zitzaion, azaldu duenez, Bilbo eta New Yorkeko Guggenheim museoetako eta Madrilgo Reina Sofíako Oteizaren erakusketekin, zeinetan Badiolak komisario jardun zuen. Artista bilbotarrak esan du lan horiek guztiak egin dituela promotoreek erantzukizun bat egotzi ziotelako, eta azkenean, erantzukizun horrekiko "sentsibilitatea" tarteko, baiezkoa eman behar izan zuela.

Dena den, Badiolak esan du "pozik" dagoela lan hauek burutu izanaz, nahiz eta artista batentzat "oso zaila" den "beste artista bat uneoro motxilan eramatea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak