Fernando Madina abeslariak dio sekulako ilusioa duela gaurko, haren abizena oñatiarra delako. Hainbat alditan izandakoa da Oñatin, gurasoekin lehenengo, eta Evaristo (La Polla, Gatillazo...) bisitatzen geroago.
Reincidentesekin batera, Arbizuko Alerta Gorriak eta Oñatiko Lokuria taldeak osatuko dute gaur 22:00etan hasiko den kontzertuko kartela.
30 urtetako ibilbidea
Abenduan 30 urte beteko dituzte. Guztiak dira hastapenetako kideak; bat izan ezik, lehenengo formaziokoak. Oinarrian punk-rock taldea izaten jarraitzen du beste musika estiloetatik ere edaten badute ere. Hastapenetako adinik ez dute baina indar berarekin jarraitzen dute; horren erakusle, bi ordutako emanaldian 39 kantu jotzen dituztela. Hemeretzi disko dituzte eta kontzertuetako kantu-zerrendan diskografia osoa dago ordezkatuta. Atera duten azkeneko lana Awkan da; taldearen filosofia jasotzen duen liburua, CDa eta eta bi DVD batzen dituena.