Herri galdeketa

"Erabakien aroan sartu gara" Independentistak sarearen iritziz

Jon Berezibar 2016ko eka. 6a, 15:50

Taldeak atzoko kontsulten "oso balorazio baikorra" egin du, "milaka herritarrek burutu duten ariketa demokratikoa" izan zela azalduz. Aurrekari garrantzitsutzat jo du atzokoa.

Independentistak sarearen balorazio-idatzia: 

Independentistak sareak balorazio oso baikorra egiten du atzo 34 herritan euskal Estatuari buruz egin ziren galdeketen gainean. Galdeketa hauekin erabakiaren aroan sartu gara bete betean eta milaka herritarrek burutu duten ariketa demokratiko erraldoi hau etorkizunera begira gauzatu beharko ditugun prozesu demokratikoen aurrekari garrantzitsua da.
 
Emaitzetatik harago, Euskal Herriaren etorkizunari buruz herriz herri hausnartzeko kontestu oso egokia eskaintzen digute galdeketek. Iraganetik datozen inkomunikazioak gainditu eta, sentsibilitate politiko zehatzetatik harago, guztiontzat eta guztion artean eraiki beharko dugun etorkizunari buruz hitz egiteko aukera ezin hobea.
 
Euskal Herrian bizi garen 3.000.000 herritarrok berton gauzatu nahi dugu gure etorkizuna eta berton izan nahi dugu zoriontsu. Horretarako berton eraiki behar dugu, guztion artean, guztiontzako izango den etorkizun hori. Zentzu horretan independentistok uste dugu, dibertsitatea oso kontutan izanda, elkarbizitzari eta guztion etorkizun ekonomiko, sozial eta kulturalari begira denon artean euskal Estatua eratzea dela alternatibarik onena. Demokrazian, justizia sozialean eta eskubideetan oinarritutako estatu soziala. Atzo 35.000 herritarrek euskal Estatuari bai esatea egundoko urratsa da bide horretan.
 
Erabakiaren aroan sartu gara eta, hemendik aurrera, Madril eta Parisekiko deskonexioa da gakoa. Euskal unibertsoaren etengabeko kolonizazioari aurre egin eta bakoitzaren buruetatik hasi eta gure jarduera politiko eta sozialaren grabitate zentrua Euskal Herrira ekarri behar dugu. Honetan ere oso lagungarri izango da herri galdeketa prozesua.
 
Baina ekainaren 5ean Goierri, Debagoiena, Aramaio, Azpeitia eta Ispasterren ezer ez da ezer bukatu. Hasi egiten da aro berri bat: Euskal Estatuaren eraikuntza prozesua zabalduko duen aroa. Eta, ildo horri begira, guztiz beharrezkoa eta premiazkoa da agenda politikoan eragin eta prozesua bultzatuko duen subjektu politikoa herriz herri metatu eta aktibatzea. Subjektu politiko berri honek abertzaletasunetik askoz harago doan dimentsioa izan beharko du eta, dibertsitatea oso kontutan hartuz, demokrazian, justizia sozialean, eskubideetan eta askatasunean oinarritutako etorkizun komun bat partekatzeko prest dauden herritar guztiei zabalik egongo beharko du.
 
Zorionak atzo galdeketetan parte hartu zuten herritar guztiei, Gure Esku Dago ekimenari, herriz herri galdeketen antolaketak bere gain hartu dituzten herritar taldeei eta aurreikusita daudenen antolaketan ari diren lagun guztiei. Independentistok gogotsu jarraituko dugu galdeketetan parte hartzea bultzatzen eta, aldi berean, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko eztabaida oinarri sozialean sustatu eta euskal Estatuaren aldeko arrazoiak kalean zabaldu eta konpartitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak