Biurtekoa bukatzeke, jende gehiago igarri dute enpresek

Leire Kortabarria 2016ko eka. 3a, 08:00

Arantza Tapia eta Iñigo Urkullu, aurtengo Biurtekoan.

Azken urteotako Makina-erremintaren Biurteko garrantzitsuena izango zela iragarri zuten, eta badirudi hori betetzen dabilela. 

Astelehenean, maiatzak 30, hasi zen BECen sektore horretako Hego Euskal Herriko eta Espainiako azoka nagusia, Debagoieneko dozena bat enpresa inguru ere han zeudela, eta inpresio ona agertu dute: "Astelehenean poliki hasi zen, urtero bezala; baina martitzenean igarri genuen beste urte batzuetan baino jende gehiago zebilela", dio Antzuolako Oerlikon Balzers-eko Nagore Jimenezek. Eta honako hau gaineratzen du: "Badirudi jendea lehenago hasi dela etortzen. Normalean, egun handiak eguenetik zapatura artekoak izaten dira, eta aurten martitzenetik dagoeneko igartzen zen mugimendu handiagoa".

Debagoieneko enpresendako galdu ezineko hitzordua da biurtekokoa: "Egun gutxitan ahalik eta jende gehienarekin egoteko aprobetxatzen dugu. Azokan saldu, oso enpresa gutxik saltzen dute".

Industria 4.0-z galdezka

Fagor Arrasate eta Konikerreko David Chico ere BECen izan da, eta martitzenean honakoa esan zion GOIENAri: "Bigarren eguna izateko, balorazioa positiboa da. Jende gehiago eta makinen eta aurkezpenen inguruko interes handiagoa sumatzen da. Gu zer garatzen ari garen ikusi nahi zuten bezeroen bisitak izan ditugu eta baita hornitzaileenak ere; 4.0 Industriaz galdezka etorri dira asko. Bestalde, gu garatzen ari garena ikusi nahi zuten bezeroak ere izan ditugu". 

Makina baten probak, zuzenean

Soraluceko zuzendari komertzial Eleazar Rayak honako hau esan zuen eguaztenean: "Oraingoz, balorazioa ona da. Lan-karga handia eta aurreikuspen onak dituzten bezeroek bisitatu gaituzte. Nazioarteko presentzia ere azpimarratzekoa da".

Soraluce FMT multitask zentroa aurkeztu du Soralucek, DAS sistema berritzailearekin hornitua, eta azokan bertan egiten dabiltza DAS sistemak nola funtzionatzen duen ikusteko probak. Horiek "bezeroak eta ikusmina duen jendea erakartzen" dabiltza, Rayaren esanetan. Sektore energetikoko balbula baten mekanizatua ere erakusten dabil Soraluce.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak