Euskal komunikabideak elkarlanean Jalgi ekitaldian

Astelehenetik zapatura, Aiaraldeko eskualdean hainbat kontzertu, emanaldi, tailer eta ipuin kontaketa antolatu dituzte euskal kultura aurrera eramateko asmoz. Bederatzi herritan banaturik: Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo eta Arrankudiagan.

Komunikabideak laguntzan

Jaio berri den egitasmoa da Jalgi, Euskal kulturaren plaza ibiltaria lelopean, hain zuzen ere. Euskal Herri osoko komunikabideen laguntzarekin, Gotzon Barandiaran antolatzaileak gogotsu dihardu lanean etorkizunean euskal kulturak indar handiagoa izan dezan:  ''Oso egoera prekarioan ari dira gehienak, eta hauek ere indar handia behar dute. Batzuk sarituak izaten dira, eta beste batzuk erabat baztertuak. Gaztelaniaz edo frantsesez ari diren egunkariek indar handiagoa izango dute eta horri ere aurre egiteko beharrezkoa ikusten ditut bailarako komunikabideak.''


Etorkizunari begira

Ekitaldi gehiago antolatuta eta aurrera jarraituta egoera guztiz normalizatua izan daitekeela azpimarratu du Gotzon Barandiaran: ''Horrek ekarriko luke euskal kultur sortzaileok etengabe gure kultura aldarrikatzen ez egotea. Sortzen ari garena geurea dela, euskaraz dela eta gure herria eta kultura aurrera eramatea beharrezkoa dela.''


Datozen emanaldiak

Urduñan, Esne Beltza taldeko kide Xabi Solano gaztetxean arituko da 19:00etan. Eta 21:00etan, berriz, Izar Mendigurenek eta Miren Amurizak herriko kaleetan zehar bertso-poteoan jardungo dute. Zapatuan, Gorka Urbizu, Hesian, Anari eta Garilak 26 erromeria taldeak kontzertua eskainiko dute 18:30etik aurrera.

Horrez gain, Ruper Ordorika oñatiarrak Amurrion eskainiko du gaur kontzertua 21:30ean bere taldearekin batera. Ruper Ordorikak euskal kultura suspertzeko egitasmo paregabea dela dio, azken urteotan eboluzio bikaina egon baita.

  • Nola sentitzen zara Jalgi ekitaldiko parte izanda?

Anbizio handia dago atzean eta uste dut ekitaldia amaitu arte itxaron beharko dugula emaitza baloratu ahal izateko. Baina primeran iruditzen zait, egitasmoak euskal kultura sustatzen du eta sortzaileontzat ezinbestekoa da.

  • Nola sustatu beharko genuke euskal kultura?

Egia esan, mota hauetako ekitaldiek aurrera jarraitzen laguntzen dute, eta hori da garrantzitsuena. Komunikabideen egitasmoa ere eskertzekoa da. Goienak egiten duena txalotzekoa da, astero-astero prentsa jarraitua argitaratzea; horrek ere suspertzen du euskal kultura.

  • Nola dihardu euskal kulturak eta nola eboluzionatu du?

Nik guztia ederto ikusten dut, garai ilunagoak bizi izan baititut, eta esango nuke askoz hobeto gaudela. Gutxiengoa garenez gero kontuak atera beharko ditugu eta ahal den heinean aurrera jarraitu.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.