34.000 lanpostu gehiagorekin bukatu zuen urtea Erkidek, Kontsumo Kooperatibei esker

Leire Kortabarria 2016ko mai. 20a, 14:14
Erkidek Bilbon egindako prentsaurrekoaren irudi bat.

Erkide federazioak 51 kide berri lortu zituen 2015ean, eta 928 federaturekin bukatu zuen urtea. Horrez gain, 2014an baino 34.261 lanpostu gehiago zituzten kooperatiba federatuek; denetara, 73.518. Hazkunde horren arrazoia da Kontsumo kooperatibak Erkiden sartu zirela iaz. Emaitza horren berri eman dute Erkideko zuzendari Agustin Mendiolak eta lehendakari Javier Goienetxeak gaur, egubakoitza, prentsaurrekoan.

2015eko emaitzak eta 2016rako helburuak jakinarazi ditu Erkidek, Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioak, Bilboko Ercilla hotelean egindako prentsaurrekoan.

Ekonomia aldetik, 2014a baino hobea

Errolda emaitzei dagokienez, iaz federatutako 51 kooperatiba gehienak (44) Lan Elkartukoak ziren; 8, Kontsumokoak; eta Irakaskuntza kooperatiba baten baja izan zen. Lanpostu berri gehienak (33.967) Kontsumo kooperatibetan sortu ziren; 254, Lan Elkartukoetan; eta 44, Irakaskuntzakoetan. Kreditu kooperatibek lau lanpostu galdu zituzten.

2015eko ekitaldiaren balorazio positiboa egin dute arduradunek: ekonomia aldetik, 2014a baino hobea izan da; kooperatiba federatuek inbertsioko erabaki estrategikoak hartu zituzten nazioartekotzean; enplegua sortu dute kooperatibek; eta lankidetza praktikatzen jarraitu dute “oinarrizko zutabe estrategiko” gisa.

Lankidetzaren ekarpen nagusia, arduradunen esanetan, Kontsumoko Euskal Kooperatibak Erkiden sartzea izan da, esandako 34.000 lanpostuak eta 900.000tik gora kontsumo-bazkide gehiago izatea ekarriaz. Kontsumo-kooperatibismoa Erkiden sartzeak bere ordezkaritza-ahalmena hobetu du; kooperatiben mugimenduaren barne-kohesioa indartu du; ordezkatutako sektoreen arteko lankidetza hobetu du; eta Erkidek eskainitako zerbitzuak gehitu eta hobetu ditu, arduradunen esanetan.

Euskadiko BPGren %7

Mendiolak eta Goienetxeak azpimarratu dute kooperatibismoak “aberastasuna sortzen laguntzen” duela: Erkideko 979 kooperatibek EAEko Barne Produktu Gordinaren %7 baino gehiago sortzen dute.

2016rako helburuak azaldu dituzte. Garrantzitsuenetako bat da enplegu berriak sortzeko “apustu argi eta ausarta”; zehazki, Euskadin 1.500 lanpostu baino gehiago sortzea “espero” du Erkidek. Gaur egun, Lan Elkartuko kooperatibek ia 1.000 enplegu berri sortu dituzte 2016ko lehenengo bost hilabeteetan. Horrez gain, beste 50 kooperatiba sartzea espero dute erroldan, 1.000 enpresa elkartutik gorako ordezkaritza osatzeko; barne antolakuntza egokituko dute, orain lau federazio direlako; Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzeko prozesuan lan egin nahi dute; eta Irakaskuntza kooperatibek Euskadiko Eskola Kontseiluan parte har dezaten ere nahi dute, beste helburu batzuen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak