Herriartekoa irabazteko hautagai nagusietako baten kontra neurtu beharko dituzte indarrak Bergarako pilotariek. Ilusionatuta daude. "Badakigu oso zaila izango dela. Baina, pilotariak oso gogotsu daude eta edozer egiteko gertu", esan du Reyes Azkoitiak. Ametsak amets, kadete eta gazte mailetako bikote azpeitiarrak "oso gogorrak" dira eta senior mailako kideetako bat –Murgiondo– Bergara Hiria txapelketako txapeldunetako bat.
Bergarako pilotariak izango dira: Roig eta Etxaniz kadetetan; Zubizarreta eta Otermin gaztetan; eta Muguruza eta Diez edo Rezusta seniorretan.
Oñati-Tolosa
Lehen kanporaketan kadete eta gazte mailetako lau partiduak irabazi ostean, horietan ipini du Oñatik Tolosa gainditzeko kakoa. "Bi maila horiek oso parekatuak izango dira. Edozein akatsek erabaki dezake puntua baten edo bestearen alde", esan du Josu Osak. Senior mailan ahalik eta tanto gehien egin gura dituzte oñatiarrek. Perez-Gartzia kadeteak, Aramendia-Otamendi gazteak eta Uriarte-Perez seniorrak izango dira Oñatik kantxan ipiniko dituen pilotariak.
Arrasatek, etxean
Era berean, parekatua izango da Arrasateren eta Azkoitiaren arteko kanporaketa. "Oreka horren barruan, kadete mailakoa derrigor irabazi beharko dugu; gazte mailan, ahalik eta tanto gehien egin; eta, seniorretan, gure jokoa erakusten badugu, irabazi egingo dugu. Uarkapen emaitza ona lortu beharko dugu", azaldu du Ibai Bolinagak.
Murua-Llodio (kadeteak), Iturriotz-Bengoa (gazteak) eta Arabaolaza-Bolinaga (seniorrak) izango dira pilotariak.