Aitor Mendizabal: "Partiduetan sufritzen jakin behar da, horrela egiten dira tanto mordoa"

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 20a, 09:45
Aitor Mendizabal, eguen goizean herriko pilotalekuan. | xabier urzelai

Euri asko egin du Aitor Mendizabalek [Antzuola, 1989) 2007an Elgetako Lau t'erdiko txapela irabazi zuenetik. Lau urte geroago (2011) egin zuen profesional moduan debuta, Asperekin, eta urte hartan bertan bigarren mailako Lau t'erdikoa irabazi zuen. Euria ari du gaur –eguen goizean egindako elkarrizketa da hau– eta Antzuolako frontoiko babesean erantzun ditu Mendizabal III.ak GOIENAren galderei. Patxadaz eta lasai, eta irribarrea galdu barik. Zapatuan ordea, 18:00ak aldera –jaialdia 17:00etan hasten da–, Labriteko kantxara bestelako Aitor Mendizabalek egingo du salto; nerbio hutsa izango da orduan.

Berriro final baten atarian, urteak aste berezi hau bizi barik. Gustora hartzen da?
Bai, gauzak ondo egin diren seinale izaten delako. Arlo fisikoan aste lasaia izaten da, lanak eginda daudelako. Badaude beste zeregin batzuk, komunikabideekin egotekoa, esaterako, baina gustora egiten diren lanak dira, atzetik zerbait ona datorren seinale izaten delako.

Zer aldatu da 2007an Elgetan txapela jantzi zenuenetik?
Gauza asko, seguruenik. Orduan oso gaztea nintzen, eta pilota nuen afizio. Gaur egun berriz, afizio hura ofizio bilakatu da, eta gutxi dira zaletasunetik bizi ahal direnak. Alde horretatik konziente naiz zorte handia daukadala, gutxik lortzen dute halakorik.

Bost urte final batera iritsi barik, asko kostatzen den seinale.
Bai, urte hauetan hainbatetan geratu naiz finalaren atarian. Birritan eskuz binakoan, buruz burukoan beste bi alditan... Garbi dago gainontzeko pilotariek ere izugarri jokatzen dutela, eta gauza asko behar dira finalera iristeko: ondo jokatzea, zortea aldeko izatea, lesioek errespetatzea... Hala, final honetara iritsi naiz, eta oso pozik nago.

Pilota aukeraketan Gorkak eta biok loreak bota zenizkioten elkarri.
Nik debuta egin nuererako hura jada enpresan zegoen, askotan jokatu dugu elkarren kontra, eta ondo konpontzen gara. Hasierako urteetan bere buruaz zorrotzegia zelako-edo ez zuen zeukan guztia erakusten, baina azken urte eta erdian oso maila onean dago Gorka, lehen zuen presio hori gainetik kendu du, eta ikusgarri dabil. Eta horren erakusle da azken urtean dagoeneko bi txapel jantzi dituela, eta hirugarrena irabazteko finalean dagoela. Kontrario gogorra izango da, seguru.  

Dagoeneko garbi izango duzu finalean zeintzuk diren egin beharrekoak, eta zer ez zaizun komeni.
Bai, finala aurrez irakurrita eramaten dugu, baina gero partidu bakoitza ezberdina da. Nirea garbi dago, sakean ondo ibili, posible dudanean tantoa amaitzen ahalegindu, eta sufritzea tokatzen denean, sufritzen jakin. Eta, beti moduan garrantzitsua izango da ondo hastea. Ea partidura kontzentratuta joaten naizen, eta hasieratik ondo ekiten diogun.  

Labrit gustuko frontoia duzu?
Bai, ez alde horretatik ez daukat kexarik. Esango nuke dagoen frontoirik neutroena dela, eta noblea. Akaso Asegarcekoek gehiagotan jokatzen dute frontoi hartan, baina finalean gauden biak Aspekoak gara, hortan, ez Gorkak eta ez nik ez dugu bertan askotan jokatu. Eta, bertako harmailetan egoten da giro onenetakoa; hori ere garrantzitsua da.  

Badirudi orkatilatik kili-kolo dabilela Gorka; zentzu horretan partidua luzatzea komeni zaizu?
Ez dut uste arazorik izango duenik. Partidua luzatzen bada molestia gehiago izango ditu orkatilan, baina dagoeneko bi aste pasa dira bihurritua egin zuenetik, eta nahiko errekuperatuta egongo da. Finalean horrek ez dio eragozpen handirik sortuko.  

Zure gorputzak baditu ezaugarri jakin batzuk, indartsuena izan barik, azkarrenetakoa izango zara seguru.
Gaur egungo pilotan indarrak berebiziko garrantzia dauka, eta gazteen artean ikusten da hori, denek gura dute indartsu egotea. Alde horretatik apur bat mugatuta nago, nire kolpea ez da beste batzuena bezain indartsua. Horren jakitun, beste ezaugarriei etekina ateratzen ahalegintzen naiz.  

Gorkak adierazi du ez zarela kontrario batere erosoa, ez duzula inoiz amore ematen.
Lehenago aipatu duguna, beste pilotari batzuek beste arma batzuk dituzte, eta nik baditut nireak. Esaterako, tanto guztietan ahalik eta gehien eusten ahalegintzen naiz, tantoa galdutzat ez ematen, beste modu batean, sufritzen. Izan ere, partiduetan sufritzen jakin behar da, puntu asko horrela ateratzen dira-eta.  

Akaso finalerdia izan zen horren erakusle onena.
Bai, izan daiteke. Bagenekien Tainta oso kontrario gogorra izan behar zela, eta sufritzea tokatuko zela. Sekulako klasea dauka, nahiz eta ez duen daukan guztia erakusten. Hala, partidu erdira arte oso lehia borrokatua izan genuen, eta hor aguantatzea, eustea zen klabea. Partiduko tarte horretan eustea lortu nuen, eta ondoren lehia apurtu ahal izan nuen. Baina, partidu erdira arte eustean egon zen gakoetako bat.  
Indarrean koska bat beherago egoteak mugatu zaitu lehen mailakoen artean egon ahal izateko?
Garbi daukat baietz. Egun aurrean dabiltzan pilotari horien artean egoteko ezaugarri guztiak izan behar dira: Kolpea, abiadura...  Dena behar da. Ikusten da pilotari asko daudela behetik gora datozenak, baina ez direla Aimarren edo Irujoren mailara iristen, oso zaila delako. Horiek beste maila batean daude, eta zerbait berezia izan behar da horiekin borrokatu ahal izateko. Orain Iker [Irribarria] da irten den azkena, eta azken asteotan erakutsi du 19 urterekin baduela zerbait berezia. Haren kolpea ez da askotan ikusten.  

Herriko pilota zaleak izango dituzu oraingoan ere ondoan...
Bai, etxekoak, lagunak... partidura etorriko dira, baina oraindik ez daukagu oso garbi zer den partidu ostean egingo duguna. Autobusa antolatu dute Labritera joateko, batzuk Iruñean lo egiteko lekua ere hartu dute badaezpada... Baina momentuan erabakiko dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak