Debagoieneko hamabi ordezkari Zegama-Aizkorrin

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 20a, 15:00
Iban Letamendi animuak jasotzen, 2013an.

Dena dago gertu domekan (09:00, Zegama) egingo duten Zegama-Aizkorri mendi maratoiko hamabosgarren ediziorako. Urteak dira lasterketak nazioarteko izaera hartu zuela, eta kanpotik datozen korrikalarien zerrenda handia da. Hala bailarako hamabi mendi lasterkari baino ez dira izango irteera puntuan.

Hala, antolatzaileek zozketa egiten dutenetik, logikoa den moduan, etxeko lasterkariak ez dira garai bateko parte-hartze kopurura iristen, eta aurten, esaterako, Debagoien osotik hamabi lasterkari izango dira lasterketako irteera puntuan. Oñatik du ordezkari gehien, lasterketara joango dira Iban Letamendi, Aitor Otamendi, Axier Alonso, Joxe Mendiola eta Jokin Garai. Arrasateko ordezkariak izango dira Aritz Kortabarria eta Josu Gascon.  Antzuolatik, berriz, Gurutz Larrea izango da, eta Xabier Uribesalgo izango da Bergarako ordezkaria. Emakumezkoetan, berriz, ordezkari bakarra izango du ibarrak, Salomon taldeko Oihana Kortazar elgetarra; faboritoetako bat da, gainera.

Faboritoen zerrenda
Guztira, 529 lagun izango dira irteera puntuan. 09:00etan hasiko dute proba, eta atleta azkarrenak lau orduren bueltan izango dira Zegaman. Garaipenerako, berriz, hainbat faborito daude. Normala den moduan, iazko irabazle Tadei Pivk-endako izango da bat zenbakidun dortsala. Iaz oso lasterketa ona egin zuen italiarrak; egindako denbora (3.51) urrun geratu zen Kilianek daukan errekorretik (3.48) baina Zegama irabazi dutenen artean egindako marka onenetakoa da. Aurten, kontrara, Kilian Jornet izango du kontrario; iaz kataluniarra ez zegoen sasoian, eta ikusteko dago lasterketa 7 alditan irabazi duena ze gorputzaldirekin egongo den –Everest-eko proiektuarekin dabil buru-belarri–.

Eta, kontutan izan beharreko beste izen batzuk dira Luis Alberto Hernando, Manuel Merillas edota Tom Owens, beste batzuen artean.
Emakumezkoen artean ere borroka estua aurreikusten dute: iazko irabazle Azara Garcia, Oihana Kortazar edota Megan Kimmel dira izenetako batzuk, dagoeneko konfirmatu dutelako Paula Cabrerizo ez dela proban egongo. Maite Maiora ere irteera puntuan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak