Sanpedrotarrak, joko zuzena maite duen kontrarioa izango du Mondrak

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 20a, 09:32
Mondrako jokalariak, joan den zapatuan, igoera fasera sailkatu izana ospatzen.

Iritsi da bi finaletako lehena. Mondrak igoera faseko joaneko partidua jokatuko du, zapatuan, kategoriako beste multzoan bigarren sailkatu den Sanpedrotarrak taldearen kontra (15:30, Trintxerpe). Hala, Josu Zubia entrenatzailearendako, talde horrek jada ez du sekreturik: "Aurten hainbatetan ikusi dut Sanpedrotarrak, eta talde moduan erabat ezberdinak gara".

"Oso garrantzitsua izango da zapatuko norgehiagoka, horrek baldintza dezake fasea; izan ere, Sanpedrotarrak talde beteranoa da, joko zuzena erabiltzen dute, eta euren zelaia Antzuolakoa baino txikiagoa da. Hala, han ez galtzea oso emaitza ona izango litzateke"".

Entrenamendua Antzuolan
Hain zuzen, Mondrak fasea behar den moduan prestatu gura izan du, eta, horregatik, Antzuolako Estalako berdegunean entrenatu ziren eguaztenean, neurri horietara egokitzeko. Lansaioa ez zen berezia izan, ez zuten apartekorik egin, baina entrenatzaile aretxabaletarrak garrantzia eman gura izan dio jokalariak neurri horietara egokitzeari.


Kontrarioaren gainean galdetuta, berriz: "Sanpedrotarrak taldeak Urolaren antza duela esan genezake, eta egia da guri batere ondo ez datorkigun talde mota dela. Gainera, euren futbol zelaiak mesede egiten die, daukaten joko zuzenari etekin handiena ateratzeko aproposa delako. Baina halako taldeen kontra prestatzen ere ibili gara urte osoan zehar, ligan hainbatetan jokatu behar izan dugu halakoen kontra, eta puntu asko batzea lortu dugu; horrenbestez, zapatukoak ez gaitu sorpresaz harrapatuko".
Hori bai, hainbat jokalariren hutsunea izango du Mondrak: "Gorka [Eraña] ez zen lehen lan-saioan entrenatu, ea Xabi Arrizabalaga itzuliko norgehiagokarako errekupera dezakegun, eta ikusteko dago Uribarrenen zigorra partidu batekoa edo bikoa izango den. Baja garrantzitsuak dira horiek, zalantza barik, baina urtean zehar euren ordez jokatu dutenek oso ondo bete dituzte hutsuneak, horrenbestez, ez dago arazorik".

Autobusa Pasaiara
Ligako azkenaurreko norgehiagokan moduan, igoera fasean ere etxetik kanpora zaleen babesa gura dute jokalariek. Jakinda, gainera, Pasaiako norgehiagoka horren garrantzitsua izango dela. Hala, biharko autobusa jarriko dute klubetik, 2 euroren truke, eta autobusa 14:00etan abiatuko da Garibaitik. Bertan lekua izateko e-posta idatzi behar da mondracf@gmail.com helbidera.

Eta, Pasaian gertatzen dena gertatzen dela, datorren astean Mondrakoek beste kirol jai bat antolatuko dute Mojategin, igoera faseko azken partidura begira. Etxean jokatzeaz batera, berdegunea askoz ere hobeto egokitzen da Mondraren joko estilora, eta hor abantaila izan beharko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak