Almenen 50. urteurreneko festaren egitaraua eta kantua aurkeztu dituzte

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 18a, 14:23

Almen ikastetxearen mende erdia opatzeko jaia egingo dute ekainaren 4an, Eskoriatzako ferixiaren egun berean, hain zuzen. Kirol ekintzak, musika eta jan edana izango da egun osoan zehar. Bestalde, Almen guneko sarreran eskultura berria jarri dute, ikasleek eurek egindako lanarekin osatua izan dena. Gainera, abesti bat ere grabatu dute asteon eta gaur bertan aurkeztu dute.

Almenen ahalmentzen izena du kantak, eta Iraitz Agirre ikasle ohia arduratu da letrataz. Musika, berriz, Itoitz taldearen Lo Egin kantua oinarri hartuta sortu dute. Hainbat ikaslerekin batera grabatu dute Aretxabaletako Nekrosounds estudioan.

50 urte emankor

Gaurko aurkezpenean Almen ikastetxearen aitzindari izaera nabarmendu dute. Iñaki Etxezarreta zuzendariak nabarmendu du lehenengo hezkuntza kooperatiba eskualde osoko ikasleei zuzenduta garatu zela. Horrek ahalbidetu zuen Debagoienean ikastetxe zibil, sozial eta kooperatibo bat izatea kalitatezko bigarren hezkuntza eskaintzen zuena.

Bestalde, Almenek euskalduntze progresibo bat burutu zuen, orduan sortu berri ziren ikastolekin aliantza bat osatuz; zehazki, Jose Aranarekin, Loramendirekin eta San Frantzisko Xabierrekin.

Urte hauetan hamaika aurrerapen egin dituzte, eta hobetzen eta garai berrietara egokitzen jarraitzea da euren erronka. Egun, Arizmendi ikastola taldearen barruan dago, eta berrikuntza pedagogikoa da euren erronka berria.

Urteurrenaren harira, eskultura berria aurkeztu dute gaur, zentroaren sarreran kokatu dutena. Tamaina desberdineko lau tutuk osatzen dute, eta ikasleek margotutako harriez betetzen joango dira. Haren ondoan, zuhaitz bat landatu dute, urki bat, duela berrogeita hamar urtetik bertan dauden beste zuhaitzen alboan hazten joango dena.

Ekainaren 4ko jaia

Ekainaren lauko jaiari dagokionez, gustu guztietarako ekintzak izango dira. Eskoriatzako Ferixaren egunean, Almen gunean egun osoko egitaraua izango da, eta Eskoriatzako Jose Aranan, berriz, goizekoa. Eguerdian bat egingo dute bi jaiek Almenen.

Goizean zehar kirol ekintzak izango dira, besteak beste, krossa, zumba eta eskubaloi, saskibaloi eta futbol partiduak. Eguerdian bertsoak izango dira Jon Sarsua, Jon Maia, Jokin Labaien eta Amets Arzallusekin, eta ondoren bazkaria. Arratsaldez, Screamers and Sinnersen kontzertua eta erromeria. Egun guztian zehar txosna izango da jatekoarekin eta edatekoarekin.

Etxezarretak festa egunean parte hartzeko deia egin nahi izan die guraso, ikasle, irakasle, ikasle eta irakasle ohi guztiei zein etorkizunean Almenen parte izan nahi dutenei.

Gaurko aurkezpenean gogoan izan dituzte baita ere urte hauetan zehar Almenen parte izan diren eta gaur egun honezkero bizi ez diren pertsona guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak