Maiatzaren 17an, Interneten Nazioarteko Egunean, jai-giroan ospatu da I. Euskarazko Interneten Eguna Iruñeko Katakraken. Euskarazko Interneten lehen edizioaren helburua arloaren errepasoa egin, berrikuntzak aurkeztu, etorkizunaren soslaia egin eta euskarazko interneten alde topa egitea izan da.
Horrela, asmoa egun oni jarraipena eman eta urtero ospatzea da asmoa. Interneten 25 urte hauetan euskarak egin duen ibilbideari errepaso eginez abiatu da ospakizuna eta ‘Gailurra beti dago gorago’ ikus-entzunezko animazioa aurkeztu da.
Marrazki bidezko bideo labur honek euskarak interneten historian eman dituen urrats nagusiak eta izan diren mugarriak jasotzen ditu. Bideoaren edukiak Interneten arloan aritzen diren pertsonen ekarpenez osatu dira eta agerian uzten du gauza on eta asko egin direla euskaraz interneten, oso komunitate aktiboa dela euskararena, baina indarrak dituenarentzat gailurra beti dagoela gorago eta oraindik asko dagoela egiteko.
Gailurra beti dago gorago, eta gailurrak ere asko eta askotarikoak direnez gero, bertaratutako guztien artean gailur horiek identifikatu eta euskara Interneten indartzeko proposamenak aztertu dira parte-hartze dinamika baten bitartez. Horrela, ideia-multzo polita jaso da eta PuntuEUS Fundazioak konpromisoa adierazi du horietako hainbat gauzatzeko lan egingo duela.
Sarean.eus
Ekitaldiaren azken zatian Sarean.eus ekimen berria aurkeztu du PuntuEUS Fundazioak. Sarean.eus, Internet eta Teknologia, IKTei buruzko agerkari digital berria da. Hedabide honen misioa, informatu, entretenitu eta kultura teknologikoa euskaraz zabaltzea da.Laboral Kutxa da agerkari honen babesle nagusia.
Horretarako, kolaboratzaile aditu ezagun eta esanguratsuen sarea eratu da: Alex Gibelalde, Dabid Martinez, Edurne Larraza, Eneko Agirre, Iñaki Alegria, Iñaki Lakarra, Iratxe Esnaola, Iruri Knörr, Josu Waliño, Josune Gereka, Joxe Rojas, Lorea Arakistain, Manex Garaio, Rafa Bañales, Unai Bilbao, Xabier Arrieta, Xabier Martin, Xabier Unanue eta Ana Vitorica.