Mondra da bigarren sailkatzeko ondoen kokatuta dagoena: "Iaz sasoi honetan gustura sinatuko genuke egoera honetan egotea", dio Josu Zubia Mondrako entrenatzaileak. Arrasateko jokalarien esku dago dena eta bihar (17:30) Mojategin futbol festa bat antolatzeko lanean dabiltza zuzendaritzako kideak; horretarako sarrerak banatu dituzte klubeko jokalari gazteen artean.
Aurrean izango duten taldeak, Urolak, asko du jokoan, helburu berbera dutelako. Joanekoan Mondrak ondo hartu zion neurria (0-4), baina Zubiak argi dauka partidu erabat ezberdina izango dela: "Ez du antzik izango. Urola baloi geldiko jokoan da trebea, baina guri irabazteko hori baino gehiago egin beharko dutela uste dut, eta ez die berdinketak balio; hori gure mesederako izan daiteke". Hala, psikologikoki partidua prestatzeak duen garrantzia azpimarratu du Zubiak: "Partiduan zehar edozer gauza gertatuta ere behera etor ez gaitezen, eta egoerari buelta emateko gai izan gaitezen".
Bergara, azkenera arte lehian
Bergarako taldea sekulako bigarren itzulia eginda iritsiko da ligako azken partidura –lau puntu baino ez dituzte galdu– baina lehenengo itzuli irregularraren zama daramate gainean: "Liga hasieran galdutako puntuekin akordatzen gara orain, baina jada ez dago ezer egiterik. Soraluzen irabazi eta Mondraren akatsaren zain egon behar dugu, eta gertatzen dena gertatzen dela harro egon egin dugun denboraldiaz, datorren urterako motibagarri izango delako", adierazi zuen Eloy Crespok Harmailatik saioan. Soraluzek ez du ezer jokoan.