Ford Mugarri Arrasatek gaur du Valentzian igoera faseko lehen partidua

Xabier Urtzelai 2016ko mai. 12a, 17:18
Argazkia: Ekaitz Filarmendi.

Gaur, eguena, gauerdian abiatuko dira Ford Mugarri Arrasate eskubaloi taldeko jokalariak Valentziara, igoera fasea jokatzera. Egubakoitz iluntzean (20:00) jokatuko dute lehenengo partidua, etxean jokatuko duen Alcasserren kontra. Zapatuan Kataluniako Handbol Bordils (20:00) izango dute aurrean, eta azken lehia domeka goizean izango da (10:00), Baleares Handbol Marratxiren kontra.

Asmoa bihar, egubakoitza, goizean ordubetez entrenatzea da, eta atseden hartzeko aprobetxatu eta gero Patxi Garciaren mutilek 20:00etan jokatuko dute etxeko ordezkariaren kontra, Comunidad Valenciana C.H. Alcasser taldearen kontra: "Igoera fasea etxean antolatuta Valentziako taldeak presioa izango du. Eta, ikusteko dago presio hori zelan kudeatzen duten. Hala, lehenengo partiduan ezustea eman gurako genuke, nahiz eta jakin maila oneko taldea daukatela", adierazi du aste barruan Andoni Arandok.

Presio barik joan dira
Ford Mugarri Arrasateko jokalariek ez dute inolako presiorik fase honetan: "Gauzak ondo egitera goaz, inolako zalantza barik. Baina, duela hiru urte, esaterako, mailaz igotzeko sekulako gogoa genuen, azken urteotako igoera faseetan huts egin genuelako, eta talde oso ona geneukalako. Aurtengo helburuetan ez zen sartzen aurrean ibiltzea, eta hainbat jokalari lesionatuta izan baditugu ere, eta entrenatzaile berria, lortu dugu helburua".

Kataluniarrak, oso talde ona
Aurrez, Kataluniako Handbol Bordils taldea da fasea irabazteko faborito, eta Alcasser taldeak etxean jokatzen du. Laugarren ordezkariaren gainean, Baleares Handbol Marratxi taldea, ez dute informazio askorik: "Baina talde beteranoa dirudi, eta hirugarren partiduan –domekan 10:00etan– freskotasuna faltako zaie".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak