Arcelor ixteko prozesuarekin aurrera jarraituko duela berretsi du Arcelor Europak

Leire Kortabarria 2016ko mai. 9a, 16:01

Euskal erakundeetako ordezkariei eta Arcelorreko langileei Arcelor Europako buruek Espainiako zuzendaritzak emandako erantzun bera eman diete: itxiera prozesuak aurrera jarraitzen duela.

Euskal erakundeetako ordezkariek eta Arcelor Europakoek Urola Garaiko lantegiaren etorkizuna aztertzeko astelehen goizean izandako bileraren ostean, nabarmendu behar da, nahiz eta bilera egoerak eskatzen duen moduan errespetuz eta seriotasunez egin den, Arcelor Europak Zumarragako langileen batzordeari emandako erantzuna ez dela aldatu Espainiako Arcelorren Zuzendaritzak emandakotik.

Hala, euskal erakundeen ordezkaritzaren buru Eusko Jaurlaritzako sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Zumarragako alkate Mikel Serrano izan dira, eta azken hilabeteetan defendatutako bera defendatu dute; hau da, industria-jardueraren jarraitutasuna eta lantegiko lanpostuei eustea.

Aukera bakarra, erosle bat aurkitzea

Euskadiko erakundeek planteatu dute enpresak egin beharreko inbertsioak egin beharko lituzkeela lantegia lehiakorra izan dadin; planteamendu hori baztertu egin dute Arcelor Europako ordezkariek, eta berretsi dute jakinarazitako prozesuarekin jarraitzeko asmoa daukatela.

Edonola ere, enpresak aukera bakarra dauka irekita: lantegia erosiko lukeen inbertitzaileren bat agertzea. Kasu horretan, Arcelor prest egongo litzateke aukera aztertzeko, nahiz eta ez daukan asmorik egoera horren zain geratzeko edota batzordeari jakinarazitako prozesua gerarazteko.

Egoera horren aurrean, euskal erakundeen ordezkariek berriro ere azaldu diete Arcelor Europako agintariei zein den euren ustez bide egokiena: planta lehiakorra izan dadin egin beharreko inbertsioak egitea. Halaxe izango da posible jarduerari jarraipena ematea eta eskualdean lanpostuak sortzea.

Euskal erakundeak laster elkartuko dira Zumarragako langile-batzordearekin, gaur goizean Madrilen egindako bileran landutakoak azaltzeko eta elkarrekin aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak