Ondoko herrikidea mailaz igotzeko kontrario zuzena denean

Erregional preferentean ligari geratzen zaizkion bi jardunaldiak infartuzkoak izan daitezte, batez ere urte osoko lana jokoan duten Mondrarendako (59 puntu) eta Bergararendako (58 puntu). Bi talde horiek bigarren postuagatik dabiltza borrokan –Amaikak Bat (65) dagoeneko igota dago– eta, bigarren sailkatzen denak igoera fasea jokatuko du. Gainera, baliteke igoera fasera sailkatze hutsa nahikoa izatea kategoriaz igoteko. 

Eta, borroka horretan dabiltza Mondra eta Bergara, hirugarren talde batekin batera, Urola (57 puntu) ere hortxe dagoelako. Eta jakinekoa da, azken partidu hauetan ez dira gutxi izango batera eta bestera agindutako afariak, pizgarriak, azken batean; ezta zurrumurruak ere.

Mondraren esku dago
Bergarako kapitain Julen Iñurrietak dio baloia Mondraren teilatu gainean dagoela: "Guk lanean jarraitu behar dugu, eta Mondraren akats baten zain egon. Bigarren itzuli oso ona egiten gabiltza, eta orain momentuan liga hasieran galdutako puntuak botatzen ditugu faltan. Mondrak oso talde ona du, eta bi partiduak irabazten badituzte ez dugu aukerarik izango. Baina, hor egon behar dugu, akats horren zain".  
Hala, Iñurrietak ez du uste zapatuan Amaikak Bat liderra erlaxatuta etorriko denik Agorrosinera: "Akaso gutxi jokatu duten jokalariei minutuak eman gurako dizkie entrenatzaileak, baina hori gure kontra etor daiteke, jokalari horiek oso motibatuta egongo direlako, datorren urtera begira taldean lekua daukatela erakutsi gurako dutelako. Horrenbestez, guk serio jokatu beharko dugu".

"Bi final dira guretako"
Mondrako kapitain Ander Ruiz de Azuak finaltzat ditu geratzen diren bi partiduak: "Zapatuan zaleendako autobusa jarriko dugu, Zestoara animatzera etor daitezen. Ez dakit zestoarrek partidua irabazteko pizgarririk izango duten, inork afariren bat agindu dien, baina guk baino motibazio handiagorik ez dute izango, seguru, guk igoera dugulako jokoan". Hala, Mondrako entrenatzaile Josu Zubiak jokalari guztiak izango ditu eskura: "Ondo gabiltza entrenatzen, intentsitatez, eta taldea gogoz ikusten dut". Igotzeko borroka horretan, behintzat, ez dezala saria Urolak eraman.

Geratzen dena:

29. jardunaldia
Zestoa-Mondra
Bergara-Amaikak Bat
30. jardunaldia
Mondra-Urola
Soraluze-Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.