AGIrako dirua txertaketa sozialerako erabiliko dela defendatu dute EAJk eta PSEk

Batzar Nagusietan, AGI diru laguntza kentzearen inguruko eztabaida egon zen eguazteneko saioan. EAJk eta PSEk erabakia defenditu zuten, esanez horretarako erabiltzen zen dirua txertaketa sozialerako erabiliko dela. Diru laguntza hura kentzeko erabakiaren aurka agertu ziren, berriz, Euskal Herria Bildu eta Ahal Dugu.

EAJ eta PSEren esanetan, orain arte AGI elikatzeko erabiltzen zen dirua -11 milioi euro urtero- txertaketa sozialeko neurrietarako erabiliko da, eta ez “behar ez diren makroproiektuetarako”, EH Bilduk eta Ahal Duguk egotzi dieten bezala.

EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga eta PSEko Susana Gartzia bozeramaileek esan zuten 11 milioi euro horiek Elkar Ekin txertaketa programarako bideratuko direla, izan ere, euren esanetan, AGI diru laguntzen gabezia handiena da txertaketa bultzatzeko tresnarik ez duela. Arrizabalagaren esanetan, Foru Aldundiak egindako txostenak erakusten du AGIk ez duela txertaketa ahalbidetzen eta “onuradunak kronifikatzera” eramaten duela.

Gartziak esan zuen AGI kentzeko erabakia “oso zaila” izan zela, baina gipuzkoarren dirua kudeatzeko “ardura” behar dela eta “tresna eraginkorra martxan jarri” nahi dutela.

EH Bildu: "Jarrera eskuindar eta atzerakoia da"

Euskal Herria Bilduren ustez, “penagarria da EAJ-PSEk, PPren eskutik, erakutsi duten jarrera eskuindar eta atzerakoia. Alde batetik, Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) mantendu eta hobetzearen kontra agertu dira, berriro ere murrizketa sozialen bidea aukeratuz eta pobrezian dauden pertsonak zigortuz. Beste alde batetik, uko egin diote elkarbizitzearen izenean jarrera eta diskurso xenofoboak arbuiatzeari”.

EH Bilduren ustez, “oso kezkagarria” da EAEko “zenbait arduradun politikok gure ongizate sistemaren aurka hartzen ari diren neurriak eta, horiek justifikatzeko, hainbat herritarren kontra botatzen ari diren mezu xenofoboak”.

Ahal Dugu: "Txostena alderdikoia da"

Ahal Duguko batzarkide Monica Morak EAJri eta PSEri aurpegiratu die “modu interesatuan, beste leku batzuetako pertsonak etortzea seinalatzen” dutela AGI bezalako baliabide sozialen “murrizketak egiteko”.

Moraren esanetan, Foru Aldundiak AGI kentzeko erabili duen txostena “alderdikoia da eta ez da konpletua”, eta AGI kentzeak “milaka pertsonaren bizitza okerragotzen du, eta ez zaie beste alternatibarik eskaintzen”. “Neurri antisoziala” da eta Javier Marotok Gasteizen emandako irizpide “xenofoboen” atzetik doa. Horrez gain, AGIren onuradunak “kriminalizatu” egiten dituela esan du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.