Lan bikoitza Aloñako deabruarendako

Jokin Lizeaga, 2014ko edizioan Aloñara bidean; atzetik Iñigo Lariz zetorren. | aritz gordo

Aloñako Igoeraren 12. edizioan lanpetuta ibiliko da lasterketa girotzen duen deabrua, asteburua eskaintza bikoitzarekin dator eta. Kirol ikuskizuna gaur, egubakoitza (22:00), hasiko dute Arantzazun, Buetraitzeko Kilometro Bertikalarekin. Eta domekan (09:00) Aloñako Igoera, puntako parte-hartzearekin.

Aloñako Igoeraren 10. edizioan egin zuten lehenengoz Buetraitzeko Kilometro Bertikala: "Oso kritika onak izan zituen lasterketak, baina hurrengo urtean ez genuen egin, nahikoa lan geneukan domekako proba antolatzen". Baina, proba hori errekuperatzeko hainbat lagunen proposamenak jaso, lagun horiek antolaketa taldera sartzera gonbidatu, eta halaxe dator bigarren edizioa: "Giro polita egongo da Arantzazun, eta hor ere espezialista onak izango dira, Iñigo Lariz, Julen Aranguena... Joseba Molinero oñatiarra ere txukun ibiliko da". 80 lagun inguruk eman dute izena, eta ez zitzaigun komeni askoz gehiago egotea, gauez izanda ezin dugulako proba asko luzatu".

Domekan, hainbat faborito

Domekan (09:00) Aloñako Igoerak 12 urte beteko ditu, puntako parte-hartzearekin: "Lehia polita izango da domekan, Walter Becerra, Imanol Goñi, Iñigo Lariz...", dio Argider Isastik, eta oilarren arteko zerrendan ez du kanpoan utzi gura denbora luzez min hartuta egon eta errekuperatuta itzuli den Iban Letamendi; oñatiarrak Sorian erakutsi berri du sasoian dagoela, eta motibazioan inork ez du gaindituko: "Ez nuke jakingo podiumeko ordena zein izango den esaten, baina horiek ibiliko dira borrokan. Eta, horietakoren bat despistatu egiten bada Axi Alonso oñatiarra gain-gainean izango du, seguru".   

Emakumezkoetan ere korrikalari erreferenteen atzetik ibili dira antolatzaileak, baina agenda kontuak tarteko zailtasunak izan dituzte. Baina, aste barruan jaso dute berri ona, Oihana Kortazar seguruenik irteera puntuan izango da. 

%60ak, debagoiendarrak 

Lasterketa ez da, baina, aurrean ibiliko direnengana mugatzen, ezta gutxiago ere. Guztira 300 dortsal banatuko dituzte antolatzaileek, eta horietako 91 oñatiarren eskuetara joango dira. Herrian lasterketak duen harrera onarekin batera, bailarako lasterkarien kopurua ez da atzean geratzen, parte-hartze osoaren %60a debagoiendarrak izango direlako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.