Almenek 50 urte: iraganari begiratua etorkizunerako bidean

Gaur egungo ikasleak Almenen.

Mende erdia pasatu da Eskoriatzako  eta Aretxabaletako herritarrek Dorletako Amaren ikastetxea sortu zutenetik. Ikasle, irakasle eta guraso mordoa pasatu da bertatik urteotan , eta Leintz bailarako hezkuntzan zeresan handia izan du. Hala, atzera begiratu eta ospatzeko garaia iritsi da orain, pausoz pauso aurrera jarraitzeko.

Hezkuntzaren egoerarekin kezkatuta agertu ziren Leintz bailarako hainbat familia 1965ean; izan ere, seme-alaben aukerak lehen mailako irakaskuntzara eta Arrasateko lanbide eskolara mugatzen ziren. Hori horrela, herritarren, enpresen eta erakundeen laguntzari esker eta Eskoriatzako marianistak bidelagun hartuta komentua izandako eraikinean, Ederlan lantegi parean, eskolak ematen hasi ziren. 40 ikasle elkartu ziren 1965-1966 ikasturtean.

Lehen bi urteotako esperientziak herritarrengan sortutako itxaropenari esker ikasle kopurua izugarri hazi zen, eta horrek ekimena sendotu beharra eragin zuen. Hala, 1967an Almen (Asociación Léniz Mancomunidad de Enseñanza) eratu zuten eta euskararen, kulturaren eta kirolaren sustapenarekin elkartu hezkuntza. Handik laster egin ziren bazkide 2.000 bat norbanako, 22 enpresa (gehienak Fagor taldekoak) eta udalak, kultura eta kirol elkarteak, parrokiak eta beste hainbat eragile. Barne eraldaketaren bidez laster eratu zuten Almen ikastola, eta euskal hezkuntzaren bide urratzaileetako bat izan zen. 2000 urtean Arizmendi ikastolako gune izaera hartu zuen eta gaur egun 6 eta 18 urte arteko 702 ikasle ditu.

Ahalmen pertsonal eta kolektiboa

50 urteotako ibilbideari gainbegiratua egiteko Ahalmen hartu dute lelotzat: "Ahalmen pertsonal zein kolektiboen erakusgarri eta bilgune izan nahi delako: iraganetik gaur egunerako eta gaur egunetik etorkizunerako eraldaketarako ahalmen". Ahalmen horien guztien berri emateko hainbat ekimen egingo dituzte datozen asteotan, erakusketak, esaterako. Ikastetxearen ardatzak erakutsiko dituzte argazki bidez Leintz bailarako lau herrietan: eraikinaren eboluzioa, udalekuak, kirol elkartea, irteerak, ikasle taldeak, irakasleak… Herri bakoitzean, erakusketa zabaltzen den egubakoitzean, aurkezpen txiki bat egingo dute, eta bizipenak eta sentipenak partekatzeko tartea eskaini elkartutakoei mokadutxo bat hartu bitartean. Hona herriz herri erakusketa egunak:

  • Leintz Gatzaga: apirilaren 28tik 30era, kultur etxean
  • Arrasate: maiatzaren 5etik 7ra, Kulturaten
  • Aretxabaleta: maiatzaren 11tik 14era, mojen komentuko elizan
  • Eskoriatza: maiatzaren 25etik 28ra, kultur etxean

Era berean, argazkiak eta bideoak jasotzen dabiltza; horiek erakusketetan jarriko dituzte eta jasotakoekin DVDa egingo dute oroigarri gisa.

Almeneko protagonista batzuekin ikus-entzunezko saila ere egin gura dute: "Oroitzapenez oroitzapen osatuko da mende erdiko historia eta gaur eguna eta etorkizuna ere aztertuko da". Youtube bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte.

Kanta eta bideoklipa ere egin dituzte kantu ezagun baten oinarriarekin eta kamiseta teknikoak eta motxilak ere gertatu dituzte oroigarri gisa.

Ekainaren 4an festa

Ospakizun handia ekainaren 4an egingo dute. Orduko bazkarirako txartelak maiatzaren 5etik 13ra egongo dira salgai, Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten. Kontuak lotzen dabiltza oraindik eta laster emango dute horren berri.

Sare sozialetan –Facebook, Instagram, Twitter eta Youtube– harrera beroa izan duela urteurrenak jakinarazi dute antolatzaileek. Argazkiak eta bideoak jarri dituzte horietan, baita webgunean ere (www.arizmendi.eus/eu/almen50urte).