Gipuzkoako eraikuntzak Barne Produktu Gordinaren %6,2 sortu zuen iaz, 2000n baino gutxiago

Eraikuntzako langile batzuk, obran (argazkia: Bill Jacobus).

Eraikuntza sektoreak ez zituen 2015erako zituen aurreikuspenak bete eta oraindik oneratu ezin dabil. Hori ondorioztatu zuten Gipuzkoako Eraikitzaileen Elkarteak, Ascongi-Adegik, bere urteko ohiko batzarrean, eguenean. Adegiko Ekonomia eta Lehiakortasun zuzendari Patxi Sasigainek 2015eko Eraikuntza Txostena aurkeztu zuen batzarrean.

Eraikuntzak Gipuzkoako barne produktu gordinaren %6,7 sortzen zuen 2000. urtean, eta iaz, 2015ean, %6,2 sortu zuen. Horrek esan nahi duena hobeto azaltzen du honako datuak: 2007an, BPGren %10,3 izan zen eraikuntza, Eurogunearen batez bestea baino 3 puntu handiagoa. Espainian, 2015ean, BPGren %5,5 bakarrik izan zen eraikuntza. Enpleguak ere halako eboluzioa izan du.

Zazpi urtez jarraian hazkunde negatiboa izan eta gero, 2015ean, lehenengo aldiz, eraikuntzaren balio erantsi gordina ez da txikitu, baina 2007a ezkero %37 murriztu da, eta eraikuntzako enplegua, %40.

Gipuzkoan eraikuntzako 7.237 enpresa daude, eta 16.500 lanpostu dituzte denetara. Krisia hasi zenetik, establezimenduen %43 eta enpleguaren beste horrenbeste deuseztatu dira Gipuzkoan.

2008 eta 2015 artean, beraz, 5.700 establezimendu dira desagertu direnak; ekonomiaren batez besteko enpresa-deuseztatze maila %17 da. Itxi diren ia enpresa guztiak (%98,5, zehazki) 20 langile edo gutxiagokoak ziren.

Inpaktu handiko sektorea

Ascongiko ordezkariek azpimarratu dutenez, “eraikuntza sektoreak zeharkako eragin handia du ekonomiaren gainerako sektoreetan; hala, eraikuntzaren eskaera 1.000 eurotan hazteak euskal ekonomia guztiak 2.240 euro gehiago ekoiztea dakar”. Era berean, eskaerako 1.000 euro bakoitzeko, balio erantsia 725 eurotan hazten da; soldatak, 355 eurotan; autonomoen errenta mistoak, 144 eurotan; eta zergak eta kotizazioak, 105 eurotan. Eskaera 100.000 euro gehiagokoa baldin bada, 1,2 lanpostu sortzen dira; eta Euskadiko eraikuntzan sortzen diren 100 enpleguko, beste sektoreetan beste 20 sortzen dira.

Gipuzkoako eraikuntza enpresek 2.100 milioiko zuzkidurak eskatu zituzten 2013an -2008an, 6.500 miloi izan ziren-; horietatik %80, Euskadin; %50, sektoreko beste enpresa batzuei; %31, industriari; eta %21, zerbitzuei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.