EH Bilduko koordinatzaile Unai Urruzunok honako hau esan du: “Herri duin bat eraikitzen joateko eta bertan modu duinean bizi ahal izateko, ezinbestekoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren bizi baldintza egokiak bermatze aldera, herritar horiek guztiek pentsio duinak izatea. Gure aburuz, pentsio duin hori 1.080 euro izan behar da gutxienez. Eta hori horrela izateko, lege proposamenean adierazten dugu Eusko Jaurlaritzak hartu beharko lukeela muga horretatik behera dauden pentsioak osotzeko ardura eta lana”.
Urruzunok esan du osagarri horren onuradunak 160.000 erretiratu inguru izango liratekeela; 1.080 eurotik beherako pentsioak dituztenak, hain zuzen ere.
Osagarria modu progresiboan ezartzeak horren "finantzazioa erraztuko du, kostua onargarria izango baita kutxa publikoetarako: 400 milioi baino apur bat gutxiago lehenengo urtean”, EH Bilduren esanetan.
Batzar parte-hartzaileak egingo dituzte
Urruzunok honako hau gaineratu du: “Herri honek eskubidea ez ezik, pentsio sistema propioa sortzeko beharra ere baduela, sistema espainolarekin biztanleriaren bizi baldintzak txarrera egiten ari direlako etengabe eta milaka jubilatu pobrezian bizitzera kondenaturik daudelako; onartezina da gaur egun EAEn 25.000 jubilatuk baino gehiagok 400 euro baino gutxiago kobratzea”.
Asmo horrekin, EAEko herrialde bakoitzean batzar ireki eta parte-hartzaileak egingo ditu koalizioak. Batzar horietara dagoeneko herrialde bakoitzeko pentsiodunen taldeak gonbidatu dituzte, baina interesa duen herritar orori irekita dago deialdia. Maiatzaren 5ean izango da lehenengo eztabaida ganberan. Hala, taldeek egun horretan erabakiko dute tramitaziora onartzea ala ez. Apirilaren 28an, Oreretan izango da lehenengo batzar parte-hartzailea; maiatzaren 3an, Bilbon; eta 4an, Gasteizen.