2 milioi euro inbertituko dira industria sustatzeko programatan

Leire Kortabarria 2016ko api. 26a, 13:47

Diputatuen kontseiluaren ondoren eskainitako prentsaurrekoan, Gipuzkoako industria 4.0 indartzeko eta nazioartekotzea sustatzeko diru-laguntzen programak eta deialdiak iragarri dituzte Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, eta Imanol Lasa foru bozeramaleak. Bi programa aurkeztu dira: Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena eta Internazionalizazio Programa, eta hauetarako guztira 2 milioi euro bideratuko dira.

Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena izeneko programa berria 700.000 euroko diru poltsarekin dago hornituta. Fabrikazio aurreratura eta industria 4.0ra bideratutako produktu, teknologia edo aplikazio berrien garapenera zuzendutako egitasmoa da. Proiektuek laguntza jaso dezaten 30.000 euroko aurrekontua izan behar dute, eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berrien kasuan, 15.000 eurokoa.

Aizpuruk azaldu duenez, besteak beste, ondorengo proiektuek laguntza jasotzeko aukera izango dute: ekoizpen prozesuaren kudeaketa eta kontrola, industria 4.0 produktuak, konektibitatea eta mugikortasuna, zibersegurtasuna, Big Data, Robotika aurreratua, Fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa, Prozesu eta produktu trazaduren teknologiak, eta Sistema adimentsuak.

ETEek, lehentasuna

Lurraldeko enpresen nazioartekotzea sustatzeko Internazionalizazio Programa abian jartzea ere erabaki du Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Bazkundearekin elkarlanean, 1.300.000 euroko aurrekontuarekin.  Bi laguntza lerro izango ditu: bat, Inter-Ezarpen izenekoa, Europako Batasunetik kanpo produkzio-ezarpenak egiteko eta komertzialei laguntzeko. Enpresa txiki eta ertainek izango dute lehentasuna, eta gehienez 100.000 euroko laguntza emango da proiektuko. Bestetik, Inter-Produktu izeneko programa, EBtik kanpo produktu berriak merkaturatzeko dago diseinatuta. Honetan ere enpresa ertain eta txikiek izango dute lehentasuna eta proiektu bakoitzeko gehienez 75.000 euro jaso dezaketela jakinarazi du Aizpuruk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak