Liga erregularreko azken jardunaldian, Ford Mugarrik ezin izan du lehen postuan amaitu. Azken bi partiduak eta lidertza galdu eta gero, euren partidua irabazi eta Aloñak liderrari irabaztea behar zuten. Arrasatekoek Corazonistas garaitu dute etxetik kanpo, baina txantxikuarrek, gutxigatik bada ere, ezin izan dute garaipena lortu Basauriren aurka. Bigarren postuan amaitu arren, igoera fasea jokatuko dute Ford Mugarrikoek.
Etxekolanak egin ditu Ford Mugarrik
Arrasateko taldeak lan zaila eduki du Corazonistasen kantxan. Etxeko taldea aurretik joan da markagailuan partidu guztian zehar, nahiz eta alde oso txikiekin izan. Azken laurdeneko 50. minutuan partidua berdintzea lortu du Ford Mugarrik (26-26), eta orduan apurtu dute norgehiagoka. Hiru goleko abantaila lortu dute bost minuturen faltan eta azkenean 30-34 gailentzea lortu dute. Unai Rodriguez izan da arrasatearren golegilerik onena, sartutako bederatzi golei esker.
Liderra garaitu nahian
Aloña Mendikoek arrazoi ugari zituzten gaurkoan Basauriren etxean sorpresa emateko. Oñatin jokatutako partiduan, azken minutuan sartutako gol baten erruz galdu zuten, eta orduko zapore gazi-gozoa kentzeko aukera paregabea zen. Hori gutxi ez, eta garaipena lortuz gero, Ford Mugarrik lehen postuan amaitzea ahalbidetuko zuten. Azken orduko lesio batengatik, oñatiarrak lehen lerroko hiru jokalarirekin aritu dira partidu osoan. Hasieratik bukaerara Basauri aurretik joan da markagailuan bi edo hiru goleko alde txikiekin. Intentsitate handidun norgehiagoka izan da eta txantxikuarrek gogor lan egin arren, amaieran etxeko taldea izan da garaile 28-25.