Pirritx eta Porrotx: "Amalur gure besoetan zaude, Amalur zure eskuetan gaude!"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko api. 23a, 18:26

Ongi etorriak dira Pirritx, Porrotx eta Katxiporretako talde osoa Oñatin. Argi ikusi da taldeak herrian gaur egin dituen bi emanaldietan. Txantxiku ikastolak gonbidatuta izan dira pailazoak Zubikoa kiroldegian Ikastolaren Eguna ospatzeko. Neska-mutiko ugariren txaloak eta musuak jaso dituzte. Banatu ere asko egin dituzte.

Amalur ikuskizuna eskaini dute gaur arratsaldean Pirritx Porrotx eta gainerako talde osoak Oñatin. Bi emanaldi egin dituzte udal pilotalekuan, eta bete egin dute pilotalekua bietan. Ikuskizun berrian baserria da protagonista handia.

Ilargi baserritarra da eta haurdun dago. Umearen etorreraren zain baserriaren zainketa lanetan dihardu maitekiro Ilargik. Ikuskizunaren mezua argia da: garrantzi handiagoa eman behar diogu baserriari jasangarritasuna, osasuna, ekologia... ahalbidetzen dituelako. Baserria onuragarria eta beharrezkoa da.

Pertsonaia piloarekin etorri dira pailazoak: txakurra, txorimaloa, astoa, lorea, erlea... eta ikuskizunaren amaieran Amalur jaio da. "Amalur, Amalur gure besoetan zaude; Amalur, Amalur zure eskuetan gaude", abestu dute pailazoek.

Nola ez, maitasuna ere ahoan izan dute: “Maitasuna ez da kabitzen bihotzean, ez da kabitzen buruan. Bizi da zeruan, bizi da munduan, bizi da gorrotorik ez dagoen lekuan". Beste batzuen artean Josean Ormazabalen poemak musikatu dituzte Katxiporretako kideek Amalur ikuskizunerako.

Esan gabe doa Oñatiko neska-mutikoen gozatua handia izan dela gaur.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak