Zientziak, teknologiak eta berrikuntzak iaz baino %45 diru gehiago izango dute aurrekontuetan

Leire Kortabarria 2016ko api. 24a, 08:00

Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea Babesteko Programa eta Talentua erakartzeko eta heltzeko Fellows Gipuzkoa Programa aurkeztu ditu Foru Aldundiak. Bi horiek 4,76 milioi euroko aurrekontua dute, iaz baino %45 gehiago.

Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru diputatu Ainhoa Aizpuruk eta Berrikuntzako zuzendari nagusi Garikoitz Agotek aurkeztu dituzte I+G arloko bi programa horiek, Donostiako CICnanoGUNEn.

Aurrekontua handituta, zientziako, teknologiako eta berrikuntzako euskal sareko Gipuzkoako zentroek ikerketa eta garapeneko hainbat proiektu egin ahal izango dituzte, bereziki espezializazio adimentsuko RIS3 estrategiaren lehentasunezko eremuetan: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasuna. Aurtengo berrikuntza nagusiak dira Fellows programaren deialdi irekia, nazioarteko eskarmentua duen talentu zientifikoa erakarri eta heltzeko, eta I+Geko Enpresa Unitateen parte-hartze baldintzak malgutzea.

Enpresak sortzeko laguntza

Garikoitz Agotek bi programak zehaztu ditu, eta hainbat laguntza ildo azaldu ditu. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Gipuzkoako Sarea laguntzeko Programak 4.431.800 euroko aurrekontua du. Programa horren barruan, hiru laguntza mota zehazten dira: I+Gko enpresa unitateak sortzea eta ikerketa proiektuetan parte hartzea, zientziako, teknologiako eta berrikuntzako euskal sareko Gipuzkoako zentroetan ikerketa eta garapeneko proiektuak garatzea (unibertsitateak, teknologia zentroak, eta abar), eta ekipamendu zientifiko-teknologiko aurreratuko ekipamendu berria finantzatzea (azpiegiturak edota makinak). Agotek esan du eskaerak maiatzaren 25era arte aurkeztu ahal izango direla.

Bestalde, Talentua erakartzeko eta heltzeko Fellows Gipuzkoa programak 418.618 euroko aurrekontua du, eta helburu du nazioarteko eskarmentua duen talentu zientifikoa Gipuzkoako ikerketa zentroetara erakartzea. Berrikuntzako zuzendariak azaldu duen bezala, programa berri honek goi mailako ikertzaileen kontratazio programa diruz lagunduko du, hartara lurraldeko ikerketa zentroetako maila zientifikoa handitzeko. Garikoitz Agotek gogorarazi du eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 27an amaituko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak