Gaur eskainiko dute Debagoieneko musika eskolen kontzertua Amaian

Arrasateko Big Band taldea entseguan.

Arrasate, Bergara, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Soraluzeko gazteek –talde bakoitzak 15 minutuko tartea dauka– hainbat kanturen emanaldiak eskainiko dituzte Arrasateko Amaia antzokian. Gaur izango da emanaldia, arratsaldeko zazpietan, eta sarrera doan da.

Orain dela 13 urte hasi ziren bailarako musika eskolen kontzertuak eskaintzen, 2003-2004 ikasturtean, hain zuzen ere, urtero herri ezberdin batean antolatuta. Herriak txandakatuz egiten dute topaketa, eta aurtengoa Arrasaten egiten den hirugarrena izango da, eta 80 musikari batuko dira bertan.

Kontzertu hauetan, herri bakoitzak 15 minutuko emanaldia aurkezten du, eta taldeka antolatzen dira beti. Ekintzen arduradun Edorta Aiastuiren hitzetan: ''Aurtengo kontzertua oso bariatua da, estilo oso ezberdinak datoz –orkestra, konboa, Big Band taldea...–, eta hori oso aberatsa da entzulearentzat. Espero dugu, lehenik, musikariek egiten dutenaz gozatzea eta entzulearen erantzuna aldi berean esanguratsua izatea.''

Pasa den urtean Aretxabaletan antolatu zuten kontzertua, 100 gazte batu ziren agertokian eta harrera paregabea izan zuten.

Entsegu gogorrak

Aurten Debagoieneko musika eskolen kontzertu topaketara Arrasateko Big Band taldea gehitu berri da. Talde honen kasuan, entsegu oso gogor eta intentsitate handikoak izan dituzte, Aiastuiren esanetan: ''Arrasatekoen kasuan entsegu gogor eta intentsitate handikoak izan dira. Aipatu beharra dago aurkezten dugun Big Band Gazte taldea aurten sortutakoa dela, eta lan dezente egin da dena aurrera ateratzeko.".

Egitarau bariatua

Soraluzeko gazteek hasiko dute emanaldia antzokian, Maroon 5 eta Passenger taldeen bi abesti eskainita. Abesti ezagunen ildoari jarraituz, Bergarako Musika Eskolako hari-taldeak hiru abesti eskainiko ditu, Coldplay, Metallica eta Guns N' Roses taldeen bertsioak jota.

Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolako haize-taldeak Abba talde suediarraren eta Alaska abeslariaren bertsioak joko ditu. Talde instrumentalak ere izango du garrantzia kontzertuan: Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolako gazteek pare bat abesti joko dituzte, Tina Turner eta, berriz ere, Bergarako talde bezala, Guns N' Roses taldearen abesti bat bertsionatuta. Aretxabaletako Leizarra musika eskolako gazteen konbo taldeak hiru abesti eskainiko ditu, Deep Purple, Smash Mouth eta Whitesnake taldeenak, hain zuzen ere.

Eta bukatzeko, Arrasateko taldearen txanda iritsiko da; izan ere, Big Band Gazte talde berriak hiru abestirekin emango dio amaiera kontzertuari. Entseguetan lanean ibili dira guztiak, eta W. Hanna, Jim Thomas eta Mort Stevens taldeen kantuak eskainiko dituzte gaur arratsaldean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.